Udalbatzarra

Migrazioaren Euskal Itun Sozialarekin bat egin du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 14:08
Aurtengo Mundualdiaren harira atera zuten talde argazkia.

Eusko Jaurlaritzatik jasotako proposamenari baiezkoa eman dio Usurbilgo Udalak; Migrazioren Itun Sozialarekin bat egin du ostegun honetako udalbatzarrean aho batez onartu duen mozioaren bidez. Bueltan ordea hiru eskaera luzatu dizkio Jaurlaritzari: politika migratorioak garatzeko erakunde arteko mahaia aktibatzea, ituneko asmoak konpromisoetan bilakatu eta erakundeen artean programak adostea; eta azkenik, "itunak jasotzen duena garatzeko baliabideak" ezartzea.

PAREKIDETASUN ETA ANIZTASUN SAILA
Migrazioarekiko eusko itun sozialaren inguruko diktamena
Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin bat egiteko proposamena egin dio Usurbilgo Udalari.

MIgraziorako Euskal Itun Soziala izeneko dokumentua Eusko Jaurlaritzak sustatu du, gaur egungo migrazio-erronkari pluraltasunaren, elkartasunaren eta beharraren ikuspuntutik erantzuteko.

Itun sozialak hiru premisa ditu abiapuntu gisa: premisa politikoa (pluraltasuna); premisa etikoa (elkartasuna) eta premisa pragmatikoa (beharrizana). Eta hortik abiatuta zeharkako aukerak eta konpromiso zehatzak finkatzen ditu.

Horrenbestez, ondokoa adierazten du Usurbilgo Udalbatzak:
1-Usurbilgo Udalak Migrazioaren Euskal Itun Sozialarekin bat egiten dugu.
2-Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu politika migratorioak garatzeko erakunde arteko mahaia aktibatzeko.
3-Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu itun honetan jasotzen diren asmoak konpromisoetan bilakatu eta erakundeen artean programak adosteko.
4-Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu itunak jasotzen duena garatzeko baliabideak ezartzeko.

Hau guztia kontutan izanik, Parekidetasun eta Aniztasun batzordeak, 2021eko azaroaren 16an egindako bilkuran, Josune Urkola, Patxi Suarez, Agurtzane Solaberrieta eta Beñat Larrañagaren aldeko botoekin, aho batez, Udalbatza Plenoari ondoko irizpenaren onespena proposatu dio:
1-Usurbilgo Udalak Migrazioaren Euskal Itun Sozialarekin bat egitea.
2-Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari diktamen honen berri ematea.