Txikierdi eta Lasarte-Oria arteko bidegorriaren 2. fasea inauguratu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 12:33

979 metroko bideak Urbil merkatalgunea eta Michelin ingurua lotuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu Rafaela Romerok eta Usurbil zein Lasarte-Oriako alkateek parte hartu dute ekitaldian. Usurbilgo bide zatiko lanak gauzatzeko Agurtzane Solaberrietak lan talde tekniko eta politikoa osatzea eskatu dio Aldundiari.

Gipuzkoako bidegorri sarea osatuagoa dago gaurtik, oinezkoentzako nahiz bizikleta erabiltzaileentzako. Txikierdi eta Lasarte-Oriako eremuko bidegorriaren bigarren fasea inauguratu dute ostiral goiz honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Usurbil zein Lasarte-Oriako udaletako ordezkariek. Urbil merkataritza gune ingurutik hasi eta Michelin ingururainoko 979 metroko bide zatiaz ari gara. 386.785,27 euro bideratu ditu Aldundiak lanotara eta ekitaldian zehar, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok zioen moduan, "bi herrietako (Usurbil eta Lasarte-Oriako) bizilagunen eskaera historikoari erantzuten dio, konexio segurua eskatzen baitzuten bi hiriguneen artean oinez edo bizikletaz mugitzeko". 

Inauguratu duten bide zatiari buruz gaineratu duenez, "Foru Aldundiak saihestu ezin zuen eta saihestu nahi ez zuen komunikazio eta mugikortasunari erantzuten dio". Lehen fasea 250 metroko obra izan zen, 2016an inauguratu zutena. Bigarren fasea martxan jartzeak "jarraipena ematen die Lasarte-Oria eta Usurbilgo udalerriak Donostiarekin lotzeko obrei".

Lankidetzaren balioa goraipatu du Romerok, balio "erreala eta beharrezkoa" dela nabarmendu du. "Funtsezkoa da udalekin elkarlanean aritzea, herritarrei konexio eta zerbitzu onenak eskaintzeko. Gure esku dugu gizarte-desberdintasunak ezabatzeko eta Gipuzkoa osatzen duten hiri eta herrien jasangarritasuna lortzeko tresnarik onena".

Usurbilgo bidegorria gauzatzeko eskaera
Orain arteko elkarlanari jarraipena emateko deia egin du hain zuzen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Poztasuna agertu du gaur zabaldu den bidegorri zatiarekin "Lasarte eta Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak mugikortasun aktibo eta jasangarriarekiko dugun konpromisoa adierazten duelako". Baina Txikierdira arteko bide zatia ireki dela gogorarazi dio Foru Aldundiari, "Usurbilgo herrigunea urruti dagoelako". Elkarlanaren emaitza izan da gaurko inaugurazioa eta bide horretan urrats gehiago ematea eskatu du Usurbilgo alkateak. Lan talde tekniko eta politiko bat osatzea eskatu dio Diputazioari; herri hau zeharkatuko lukeen "trazatu horren inguruan hitz egin, ahal bada adostasunak lortu eta ahalik eta azkarren zati hori ere gauzatzeko". Gaurkoz Donostia alboan izan arren, oso zaila baitago motordun ibilgailuan ez bada bizikletaz Donostiara heltzea.