Babarruna prestatzen badutela nahiko arte erakutsi zuten Gure Pakeako kideek

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 13:23

Ostegunerako Babarrun txapelketa antolatu zuten Gure Pakeako kideek, eta halaxe egin zuten atzo. Usurbil, Urnieta eta Donostiako jubilatuei eginiko gonbitaren ostetik, lau bikotek parte hartu zuten lehiaketan eta Usurbilgo Emilia Crespo eta Maribi Arrospide izan ziren garaileak. 

Goizeko hamarrak ezkero, lau bikoteak Artzabal Jatetxearen alboan jarritako karpan babarrun lapikoak prestatzen aritu ziren. Hiru orduz sukalde lanetan aritu ondoren, epaimahaiko kideek dastaketari ekin zioten. Agurtzane Solabarrieta herriko alkatea, Igor Gorriti Artzabal Jatetxeko burua, Juan Mari Borda Gure Pakeako kidea eta kanpotik ekarritako aditua arduratu ziren platerak epaitzeaz. Ez zuten emaitza momentuan esan, ordea.

 

Babarrun bazkaria egin zuten jubilatuek Artzabal Jatetxean, eta bertan, goizean prestatutako babarrunak jateko beta izan zuten. Bapo jarri ostean, arratsaldean, Emilia Crespo eta Maribi Arrospideri irabazle titulua eman zieten.