Asteburuan alerta laranjan euria eta elurragatik

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 08:00

Negu giroko asteburua datorkigu, errioa ere albiste izan daitekeena. Larunbat arratsaldetik igande goizera 400 metrotan edo uneren batean beherago ere zuritu dezake. Igande arratsaldetik astelehen goizera alerta laranjan izango gara euriagatik eta aurrez botatako elurra urtu dezakeenez, horrek "uholde arriskua areagotu" dezakeela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

Ostegun honetako errioko irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Ur-emari handia zekarren Oriak. Datorrenaren abisua baino ez dela izan dirudi. Ostegunean egun osoz abisu horian izan ginen euriagatik. Igande arratsaldeko 15:00ak arte abisu horia izango da berriz indarrean "prezipitazio iraunkorragatik". Eta egoera zailtzen joango dela dirudi.

Elurragatik alerta laranjan izango gara larunbat goizaldeko 3:00etan hasi eta igande iluntzeko 21:00ak arte. Tarte horretan, larunbatean zehar, geroz eta beherago zurituko du elurrak. Larunbat arratsalde gau partetik igande goizera, 400-500 metro artean, eta uneren batean beherago ere bota dezake. Gerora gorago zurituko du. Tarte horretan, 600 metrotan 5-25 zentimetroko lodieran pilatu daiteke elurra. 

Eta hortik aurrera euriari erreparatu beharko zaio. "Prezipitazio iraunkorragatik" alerta laranja izango baita indarrean igande arratsaldeko 15:00etan hasi eta astelehen goizeko 9:00ak arte. 24 orduko tartean, 60-80 litro pilatu daitezke metro karratuko. Etenik gabe eta gogotik egingo du euria. Botatako elurra gainera urtzen joango da eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, "horrek uholde arriskua areagotuko du". Igande gau eta goizaldean metro karratuko 15-30 litro pilatu daitezke. 

Usurbilerako iragarpena
Usurbilen ostiral honetan, azaroak 26, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, sarri eta noizean behin ertaina egingo du. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogor batzuekin; arratsaldean mendebaldera egingo du eta indartuz joango da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin haizeguneetan; gauean mendebaldeko haizea tarteka gogor eta bolada oso gogorrekin ibiliko da. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Larunbatean, "zerua estalia egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; oso ugaria eta iraunkorra izango da, trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du eta baliteke zenbait lekutan prezipitazioa handia izatea. Elur-kota 1300-1500 m kokatuko da eta jaisten joango da, goizaldean 900-700 m inguruan kokatuz eta arratsalde-gauean 500-400 m inguruan, eta baliteke noizbehinka beherago kokatzea. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, goizean ipar mendebaldera egingo du, bizi ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin haizeguneetan eta ekaitz-guneetan; tarte gogorrekin ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da; minimoak egunaren amaieran neurtuko dira".

Igandean, "zerua estalia egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; oso ugaria eta iraunkorra izango da, eta egunaren lehenengo partean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du eta baliteke zenbait lekutan prezipitazioa handia izatea. Elur-kota 500-400 m inguruan egongo da, baliteke noizbehinka beherago kokatzea. Goizean igotzen joango da, arratsaldean 600-800 m inguruan kokatuz eta egunaren amaieran 1000-1100 m inguruan. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin haizeguneetan; egunaren bigarren zatian ahulduz joango da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

 



Eusko Jaurlaritzaren gomendioak
Elurra
-Asteburu honetan mendira ez joateko gomendatzen da, eguraldi txarra egingo duela aurreikusten baita.
-Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren 011 telefono-zenbakian.
-Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea. Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili, bereziki Araban eta goialdeetan.
-Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu. Eta, ahal den guztietan, telefono mugikor bat eraman, bereziki bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar duten gidariek.
-Aurreko autoarekin ohikoa baino segurtasun-tarte handiagoa utzi.
-Ez aldatu noranzkoa bat-batean. Bolanteari gozotasunez eragin.
-Izotza dagoen eremu batean sartzen bazara, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.

Euria
-Ez aparkatu ibilgailurik eta ez kanpatu erreka inguruan edo urak erraz har ditzakeen lekuetan.
-Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik, bai eta garajeetatik edo urak har ditzakeen lekuetatik ere.
-Ahal dela, ez erabili autoa, bereziki gauez edo goialdeetan.
-Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki seguru batean.
-Bertan behera utzi mendi-irteerak eta aire zabaleko txangoak.
-Komunikabideen bidez une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.
-Aldian behin aztertu inguruko hustubideen egoera, bereziki orain, hosto ugari baitago.
-Ibaien egoeraren jarraipena Euskalmeten Twitter kontuan (@Euskalmet) jarrai dezakezu, eta errepideen egoera Trafiko Zuzendaritzaren Twitter kontuan (@trafikoaEJGV).

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus