AZTARRIKA GAZTE ASANBLADAREN ADIERAZPENA
Itxaron, lasai hartu, biziraun etapa hau ahal bezala… honakoak dira azken bolada luzean gazteok entzun behar izan ditugun mezuak, behin eta berriz. Guk ere badakigu egungo osasun egoera kezkagarria dela, honen adibide da asteburu honen aurrean hartu dugun hautua, hau da, Gazte Eguna atzeratzearena. Hala ere, pandemiaren aitzakipean gazteok bizi dugun egoera larria da, eta honakoa aldarrikatzeko bildu gara gaurkoan. Garbi dago boteredunen eskumenak eta gizartea kontrolatzeko gaitasunak izugarri indartu direla azkenaldian, eta honekin batera sektore ahulenak kriminalizatu eta isilarazteko hartu duten jarrera sekulakoa izan da. Arduragabeak, zentzugabeak eta kriminalak garela oihukatu dute komunikabideen bitartez egunak joan eta egunak etorri. Jo puntuan egotera ohitu gara, baina egurra jasotzeko bakarrik noski. Izan ere, haien jarduna interes ekonomikoek markaturikoa izan da, gure beharrak kanpo utziz, gutxi batzuen mesedetara, betikoak, betikoa egiten.
Bitartean, ikasketekin arazoak, lan baldintza penagarriak onartzera kondenatuak eta harremantzeko esparrurik gabe topatzen gara gazteak, geroz eta urrunago ikusiz gure bizi proiektuak gauzatzeko aukera. Hori gutxi balitz, gazteon arteko osasun mentalari loturiko datuak sekulako arazoak agerian uzten dituzte. Inoiz baino batuago egon beharko genukeen honetan, bakardadera eta indibidualistak izatera bultzatu nahi gaituzte, horregatik, oraina irabazteko elkartu eta lanean jarraitu beharra dugu. Egoera gordinari hortzak erakutsiko dizkion gazte belaunaldiaren beharra daukagu, gureak izango diren gune autogestionatuen beharra daukagu, burujabe izateko beharra daukagu! Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, ez baikara etorkizunaren zain egongo,
ORAINA GURIA DENK! GORA USURBILGO GAZTERIYA! GORA AZTARRIKA!