Adi, euria gogotik egin dezake datozen orduotan. Abisu horian egongo gara igande arratsaldeko 15:00ak arte "prezipitazio iraunkorragatik". Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "24 ordutan 60-80 l/m² baino gehiago pila daitezke. Kantauri isurialdean prezipitazio ertaina egingo du, oso ugaria eta iraunkorra, eta trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du eta baliteke zenbait lekutan prezipitazioa handia izatea".
Arratsaldeko 15:00etan hasi eta astelehen goizeko 9:00ak arte alerta laranja ezarriko du Segurtasun Sailak "prezipitazio iraunkorragatik". Euskalmet-en arabera, "Kantauri isurialdean prezipitazio ertaina egingo du, oso ugaria eta iraunkorra, eta egunaren lehenengo partean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du. Arratsalde-gauean prezipitazioa iraunkorra eta ugaria izaten jarraituko du eta aldi berean, elur-kotak gora egingo du. Ondorioz, pilatutako elurraren zati bat urtuko litzateke, eta uholdeak izateko arriskua handituko litzateke".
Astelehen "goizaldean eta goizean goiz baliteke Kantauri isurialdean 15-30 l/m² artean pilatzea. Kantauri isurialdean prezipitazio ertaina egingo du eta goizaldean oso ugaria eta iraunkorra izan daiteke. Goizaldean prezipitazioa iraunkorra izaten jarraitu dezake eta aldi berean elur-kotak gorantz jarraituko luke, elurraren urtzea lagunduz, eta uholdeak izateko arriskua handituko litzateke".
Larrialdi plana aktibatua
Uholde arriskuagatik, Uholdeei Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu du Eusko Jaurlaritzak. Hainbat gomendio luzatu ditu:
-Aldendu zaitez erreka, uhar, zubi eta urak har ditzakeen eremuetatik.
-Ez zeharkatu urak hartu duen eremurik, ez oinez ez autoan, uraren indarrak eraman egin gaitzake.
-Uraren ondorioz autoa errepidean trabatuta geratzen bada, itzali argiak eta utzi bertan.
-Etxean ura sartzen bada, lehenbailehen irten sototik eta beheko solairuetatik.
-Ahal izanez gero, leku altuetara igo, eta saihestu urak har ditzakeen eremuak.
-Informazioa jaso hedabideen eta sare sozialetako gure profilen bidez.
Eusko Jaurlaritzaren gomendioak
Elurra
-Asteburu honetan mendira ez joateko gomendatzen da, eguraldi txarra egingo duela aurreikusten baita.
-Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren 011 telefono-zenbakian.
-Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea. Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili, bereziki Araban eta goialdeetan.
-Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu. Eta, ahal den guztietan, telefono mugikor bat eraman, bereziki bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar duten gidariek.
-Aurreko autoarekin ohikoa baino segurtasun-tarte handiagoa utzi.
-Ez aldatu noranzkoa bat-batean. Bolanteari gozotasunez eragin.
-Izotza dagoen eremu batean sartzen bazara, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
Euria
-Ez aparkatu ibilgailurik eta ez kanpatu erreka inguruan edo urak erraz har ditzakeen lekuetan.
-Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik, bai eta garajeetatik edo urak har ditzakeen lekuetatik ere.
-Ahal dela, ez erabili autoa, bereziki gauez edo goialdeetan.
-Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki seguru batean.
-Bertan behera utzi mendi-irteerak eta aire zabaleko txangoak.
-Komunikabideen bidez une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.
-Aldian behin aztertu inguruko hustubideen egoera, bereziki orain, hosto ugari baitago.
-Ibaien egoeraren jarraipena Euskalmeten Twitter kontuan (@Euskalmet) jarrai dezakezu, eta errepideen egoera Trafiko Zuzendaritzaren Twitter kontuan (@trafikoaEJGV).
Larrialdietarako deitu 112 zenbakira
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus