Negu giroko goiza girotu du Hurbilagoren Udazkeneko Azokak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 28a, 13:43

Postu eskaintza zabalean barrena osteratxoa egiteko aukera eskaini du Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak goizean frontoian; tartean, haien produktu nahiz sortze lanen erakusleihoa plazara atera dutenak.

Negu giro betean ospatu da igande goiz honetan Hurbilago Elkarteak antolaturiko Udazkeneko Azoka. Herriko nahiz herritik kanpotik etorritakoen produktu edota sortze lanen erakusleihoan bilakatu dute pilotalekua. Aipamen berezia merezi dutenak, herritarren postuak; frontoi sarreran ziren Lizardi liburu dendakoak. Tartean, Zorione Mendezen "Marrak" proiektuaren postua, Ione Iruretagoienak diseinaturiko arropa,  Usurbil 1936 elkartearen postua.... Buztinzulo elkartekoek postua jartzeaz gain, haurrei tailerra eskaini diete. Eta gezien bidez, ibilbidearen noranzkoa zehaztua zegoenez, helmugan jan edana; Saizarrekoen sagardoa txotxetik dastatzeko aukera baita, herriko gaztaingile taldearen itzulera ere.

Herritik kanpotik etorritako postuen artean ere denetarik aurkitu dugu; jatekoa, arropa, margolanak... Irudiotan bildu dugu azoka.