Ordurik zailenak igaro direla nahiko argi da beraz; alerta laranjan izan gara goizean zehar, abisu horira murriztu du ordea Segurtasun Sailak alerta maila "prezipitazio iraunkorragatik". Datozen orduetan, "euri gutxiago egingo duenez, erreken ur-mailak, orokorrean, jaisten jarraituko du".
Gaur beraz, azaroaren 29an, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, Usurbilen "zerua oso hodeitsu edo estalia egongo da. Egunaren lehenengo zatian prezipitazio ertaina egingo du, iraunkorra eta oso ugaria izango da, bereziki goizaldean zenbait puntutan prezipitazioa handia izan daiteke. Egunaren bigarren zatian prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin haizeguneetan. Arratsalde-gau partean haizea ahulduz joango da. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Bihar, azaroak 30, "goiz-lanbroa. Zerua tarteka hodeitsu egongo da, eta goizean hodeitza handituz joango da, arratsaldean oso hodeitsu geratu arte. Egunaren bigarren zatian prezipitazio txikia egingo du.. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, arratsaldean mendebal-osagaira egingo du, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez". Abendua estreinatzeko, asteazkenean egun euritsua berriz. Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus
Alerta maila laranjaraino
Azken egunotako euri-jasek islada argia izan dute errioan. Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten duen neurketa estazioari lotutako azken 24 orduotako datuak dituzue segidan. Marra hori, laranja eta gorriak alerta mailak dituzue. Marra urdinak errioak ordu guztiotan izandako bilakaera adierazten du. Igande arratsaldeko 18:00etan igaro zuen alerta maila horia eta goizaldeko 3:00etan maila laranja. 5:00ak aldera beheranzko bideari ekin dio Oriak. 7:00ak aldera maila laranjaren azpitik kokatu da. Une honetan maila horian segitzen du errioak. 24 orduotan, 47,6 mm prezipitazio pilatu da inguruotan.