Laguntza otarrak, Zuberoako euskararen biziraupena eten ez dadin

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 29a, 09:56

Oraintxe urte bukaerako ospakizunei begira denak bertan ekoitzitako produktu goxo askoak eskuratzeko aukera du Nafartarrak taldekoen urteroko elkartasun ekimenari esker. Bueltan da eta, Xiberoko otarren kanpaina; tokiko ekoizleen produktu goxoak eskuratzearen truke, herrialde hartako ikastolak eta euskara laguntzea xede duen elkartasun ekimena. Otarrak ikaskoli.eus atarian nahiz NOAUA! bidez (943 360 321) eska ditzakezue.

Bi hamarkadetako hartueman luzearen baitan kokatua dago urterokoa bilakatu zaigun hitzordua. 2000. hamarkada hasieran orduan Aitzaga Kultur Elkartea, gerora Nafartarrak taldekoak arduratu dira otarren salerosketatik haratago joan den ekimenaz. Hartuemanez ari baikara. Hastapenetan, egungo Sohutako ikastola eraikitzeke zuten, aurrefabrikatutako eraikinetan ikasten zuten. Ikastola berria eraikitzeko laguntza behar zuten eta sarea osatzen joan zen, besteak beste, Usurbilen; hartuemanak diru bilketa eta auzolana izan izan zituen zutabe nagusi. Herritar talde bat joan etorrian ibiltzen hasi zen Xiberoara, udal brigada ere joan zen baliabide ezberdinekin auzolanera.

Lankidetzak ezagutza dakar eta bueltan xiberotarrek haien herrira gerturatu gaituzte urte guztiotan une ezberdinetan; kanpaina hauen amaieran ospakizun ezberdinen bueltan (azken urteotan San Tomas azokaren baitan). Azkenekoz covid19a gure artera heldu aurretik, 2019ko ekainean ospatu zen maskarada egunarekin esaterako. Baina aldez aurretik ere hitzordu gehiago ospatu ziren. Eta auzolan urte guztiotan urtero hutsik egin ez duena, Xiberoan ekoitzitako otarren salerosketa izan da. Nafartarrak taldetik NOAUA!ri gogorarazi diotenez, poltsatxo batekin hasi ziren. Egun hiru otar puska ditugu aukeran. Eta produktuon atzean ekoizleak, gaur egun edo iraganean ikastolaren bueltan ibilitako gurasoak. Azken aldian erreleboa izan dela azaldu digute Nafartarrak taldetik. “Diru hori ikastolara eta bertako ekoizleengana doa”, nabarmendu dute kanpainaren sustatzaileek.

Sarea zabaltzea, arnasgune
Kanpaina honen eragin eremua ederki hedatu da urteotan. Gipuzkoan bereziki, ikusi bestela ikaskoli.eus atarian sartuta duzuen banaketa guneen mapan. “Sarea zabaltzeak arnasa eman digu”, Nafartarrak taldetik diotenez.

Usurbilen azken urteotan elkartasun ekimena ikusgarriagoa egiteko lagungarritzat jotzen dute baita NOAUA! K.E.-k antolatu ohi duen San Tomas Azoka. Aurtengoan, covid19ak eragozten ez badu behintzat, abenduaren 19an ospatuko dugu frontoiaren bueltan. Eta kanpaina honen sustatzaileek postua izango dute, aurrez otarrak eskatu dituzuenok jasotzeko nahiz unean bertan erosteko ere. Azoka honetan eman ohi diote Xiberoko ikastolen eta euskararen aldeko elkartasun ekimenari amaiera, zenbateko laguntza jaso duten zehaztuz. Iaz osasun krisialdiagatik ez zen azokarik ospatu, baina marka guztiak hautsi zituen. Guztira, 359 otar salduta, 16.000 euro inguruko laguntza batu zuten Usurbilen soilik. Aurtengoa martxan da; hilabete amaierara arte eska ditzakezue otarrak.

Parte hartzeko gonbita egina dago. “Zuberoak iraungo badu, engranatu beharreko kate bat behar du”. Euskarak bertan izan duen inboluzioaz ohartarazi digute. Nahiz euskarari eta tokiko kulturari eusteko ahaleginean segitzen duten. “Herri txikietan bada dantza talde bat, ikastolara lotua. Ikastolak gazteak erakartzen ditu, gazteak maskaradan sartzen dira, Xiberoko Botza irratia elikatzen du”. Horregatik diote, “hura ez geratzeko ahalegin batean ari gara”. Aipaturiko kate hori eten ez dadin elikatzen.

“Ikastolen finantziazio parte haundi bat gure gain gelditzen da”
Zuberoko otarren kanpainaren arduradunetako batekin Ekaitz Mazustarekin hitz egin du NOAUA!k. Lerrootan euskarak, ikastolek bizi duten egoerari buruz eta testuinguru horretan “Ikaskoli” kanpainak duen garrantziari buruz aipatu diguna.


Kanpaina hauetan nortzuk zaudete inplikatuak? Aurtengoari ekiteko gogotsu?
Ekaitz Mazusta:
Badu orain 18 urte Xiberoko ikastolek gabonak kari ikastolen aldeko saskiak saltzen ditugula. Hasiera batean, Sohütako Eperra ikastolako gurasoek abiatu zuten proiektua. Urte batzu geroago, kanpaina honen arrakasta ikusiz, eta Basabürüko ikastolek ere laguntza beharrean zirela ikusiz, Ikaskoli kanpaina hortan txertatu ziren. Gaur egun beraz, Xiberoko bi ikastolek, Eperra eta BasaBürüko ikastolek dugu Ikaskoli kanpaina antolatzen. Haatik, kanpaina hontan Euskal Herri osoko beste hainbat laguntzaile ere daude inplikatua (norbanako, ikastola, euskara zein kultur elkarte, denda...), Ikaskoli kanpainak halako arrakasta biltzen baldin badu, euskalzale guzi hoiei esker ere baita.Urtero bezala, aurten ere kanpaina berriari ekiteko gogo eta ilusio haundirekin gaude. Gure ikastolentzat urteko une garrantzitsu bat da, eta antolatzaileontzat, kanpaina azken hilabetetako antolakuntza lanaren fruitua da.

Zergatik da garrantzitsua hegoaldetik saskiok erosiz egin dezakegun ekarpena?
Xiberoko ikastolentzat saski horien salmentak garrantzi haundia du. Jakin dakizuenez, Euskal herriko eremu hontan euskarak ez du ezagutza ofizialik, eta beraz euskararen erakaskuntzan dihardugun ikastolak ez gira behar bezala diruz lagunduak hemengo instituzioetatik. Beraz ikastolen finantzazio parte haundi bat gure (gurasoen) gain gelditzen da, eta hainbat ekintza/animazio antolatzen ditugu diru sarrera horiek segurtatzeko. Ikaskoli gure ikastolentzat diru sartze nagusi bat da, batez ere azken urte hauetan COVIDa dela eta hainbat hitzordu kultural ezeztatuak izan direlako. Iaz, kanpainak arrakasta handia bildu zuen, 2000ko saski salmenta maila gaindituz. Aurten ere maila hori mantentzea dugu helburu.

Zein da euskarak eta ikastolek egunerokoan Zuberoan duten egoera?
Eskararen egoera ez da oso ona egia erran. Euskararen transmisioa ez da gehiago etxeetan segurtatzen, ez aski bederen euskal eledunon heina mantentzeko. Lege mailan ere, Frantses estatuak ez dio inungoko ezagutzarik eskaintzen euskarari. 2021ko udaberrian Molac legea bozkatuz, bazirudien azkenean euskarak ezagutza minimo bat erdietsiko zuela baina Frantziako kontseilu konstituzionalak, legea atzera bota eta agerian gelditu da, ele eta diskurtso ederran atzean, Frantses estatuaren jakobinismoa. Xiberoko ikastolen egoerara etorriz, gaur egun 130 bat ikasle daude Xiberoko bi ikastoletan (ama eskola eta lehen maila). Ikasle kopurua aski egonkorra da azken urteotan, nahiz eta Basabürüan, ikasle heina zertxo bat apaldu den. Jakin behar da, Basaburuan demografia mailan haur txikitzen doala urtez urte.

Zuberoaren erakusleiho (produktuen aldetik eta) ere bada askorentzat zuen kanpaina ezta?
Bai, saski hauetan saiatzen gira Xiberoan ekoizten diren mozkin ezberdinak aurkezten. Mozkin guziak Xiberoko ikastoletako guraso eta guraso ohien ekoizpenak dira: ardi gasna, eztia, ahate gibel, txerriki, xahalki, bizkots... Helburua da ere lurralde hontan ekoizten ditugun kalitatezko ekoizpen horiek ere Euskal Herri osoari ezagutzarazi eta gozaraztea. Euskara eta ikastolak lagundu, mozkin on batzuekin gozatuz.

Otarrak eskatzeko epea zabalik
3 otar dituzue aukeran. Hilabete amaierara arte bidera daitezke eskaerak:

Ahüzki
Prezioa: 40 euro.
Produktuak: xerriki patea (190 g), ahate gibel berrosatua (125 g), eztia (500 g), bixkotx poltsa artisanala (150 g), ardi gazna (550 g).


Irati
Prezioa: 55 euro.
Produktuak: xerriki patea (190 g), ahate gibel berrosatua (125 g), axoa: xahalki xehatua saltsan (640 g), “Ezti Olha” eztia (edo hau faltatzen balitz, “Bortüko” eztia-500 g), bixkotx poltsa artisanala (150 g), ardi gazna (550 g).


Orhi
Prezioa: 70 euro.
Produktuak: ahate gibela (200 g), bixkotx gatzatuak (80 g), lukainka idorra, azafrai erreximenta (edo hau faltako balitz, “Bortüko” eztia-250 ml), gazna (1 kg).

Eskariak: azaroaren 30era arte NOAUA!  (943 360 321) edo ikaskoli.eus atari bidez.
Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus