"Atzegizaleak" indartzea, 60 urte bete dituen Atzegiren ikasturteko erronka

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 29a, 08:14

60 urte betetzera heldu den Atzegi elkarteak ikasturte berezi honi begirako erronkak aurkeztu ditu egunotan Lasarte-Orian. Oraingoan bereziki Atzegizaleengan jarri nahi dute arreta.

 “2000. urtean Atzegik Atzegizale figura sortu zuen, adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak identifikatzeko. Urte hauetan zehar Atzegizale komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu”.

20 urte igarota, “Atzegik pertsona horien jarrerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen eragina nabarmendu eta ezagutarazi nahi du”. Atzegizale izan daiteke boluntarioa den edo Atzegik antolaturiko jardueretan parte hartzen duena. Baina haratago doa eta beraz, asko konturatu gabe ere dagoeneko Atzegizale izan daitezkeela ohartarazi dute. Hala dio hain zuzen Atzegiren kanpaina berriko leloak; “Agian zu ere Atzegizalea zara”.

Atzegizalea zer den ulertzeko hainbat baliabide plazaratu du Atzegik. “Atzegizaleak leku askotan eta adin tarte guztietan aurki ditzakegu; desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete. Keinu txikiak diruditen arren, eragin handia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan”.

Urtemugako ospakizuna
60 urte bete zituen iaz Atzegik, abenduaren 20an Kursaalen egingo duten ekitaldi berezi batekin ospatu asmo dute urtemuga berezia. Ekitaldira joan nahi dutenek atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi edo 943 42 39 42 telefono zenbakira deitu dezakete. Informazio gehiago atzegi.eus atarian.