Prebentzio modura iragan astetik zenbait hitzordu bertan behera utzi edo atzeratzen ari dira herri eragileak. Usurbilgo Odol Emaileen Elkartetik NOAUA!ri ohartarazi diotenez, urtero abenduaren 8an ospatu ohi duten udalerri honetako odol emaileen eguneko bazkaria ez ospatzea erabaki dute. Bigarren urtez jarraian beraz, covid19ak bilkura hau egitea eragotzi die odol emaileei.
Bestalde, ohar honen berri emateaz gain, urteko balantzea plazaratu du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Agurtzear garen 2021. urte honetan 209 odol emate eta 126 odol emaile usurbildar izan dira. Emate kopuruan gorabeherarik izan ote den galdetu diegu aipatu bilguneko kideei. Ezetz erantzun digute, "iazko tankeran" joan dela urte hau.
Emaileei dagokienez, kide berriak hurbildu dira eta ildo horretan segitzeko gonbita luzatzen dute. "Jendea animatu dadila odola ematera"; adierazi digute. Gogoan izan, covid19ak eragindako osasun krisialdiak goitik behera aldarazi die dinamika. Lehen anbulatoriora joan besterik ez zen izaten. Orain, estreinakoz odola eman nahi duenak aurrez 943 007 884 telefono zenbakira deitu behar du. Lehen aldia ez dutenen kasuan, Osakidetza haiekin jartzen da hartuemanetan hitzordua emateko.
Urtarrilean datorren odol ematea
Gogoan izan baita, lehen anbulatorioan izaten ziren odol emateak, orain aldiz Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Prebentzio neurriak betetze aldera, odola emateko ordutegia zabaldu egin dute; lehen 18:00-19:30 artean izaten zen, orain 16:30-20:10 artean.
Gogoan izan, bi hilean behin izaten da odol ematea, lehen astelehenetan. Azkenekoz azaroaren 8an izan zen (azaroaren 1a jai eguna baitzen). Datorrena urtarrilaren 10ean izango da. Urtarrileko bigarren astelehenean bai, urtarrileko eta uztaileko hitzorduak astebete atzeratzen baitituzte; urtarrilekoa gabonengatik, uztailekoa Usurbilgo jaiak direla eta.
Beste urte batez, Usurbilgo Odol Emaileen Elkartetik eskerrak helarazi nahi dizkiete odol emaileei eta elkarteko dinamikan murgiltzera animatzen gaituzte, taldea errelebo beharrean baita. Eta bai, aipatu digutenez, "normaltasunera heltzeko desiratzen" dira odol emaileen elkartekoak ere. Bitarte honetan, osasun krisialdiko prebentzio neurriokin segiko dute lanean.