Bueltan da haurrentzako neguko zine zikloa

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 30a, 08:00

Gaztetxoenek euskarazko animazio filmez gozatzeko aukera izango dute negu honetan. Lehen proiekzioa, iganderako, abenduaren 5erako iragarri dute.

Haurrei zuzenduriko neguko euskarazko zine zikloa bueltan da Usurbilgo Udalaren eta Ziortza Gazte Elkartekoen eskutik. Abenduaren 5erako, igande honetarako finkatu dute estreinaldi eguna; arratsaldeko 17:00etan hasita Sutegin. "Zutik!" ikus-entzunezkoa proiektatuko dute.

Covid19aren testuinguruan ospatuko den bigarren zine zikloa izango da honako hau. Iazkoaren bidetik, prebentzio neurrien artean egingo dena. Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira 3 eurotan, usurbilkultura.eus plataformatik. Ohi baino gutxiago salduko dira. Guztira 93 lagunentzako lekua egongo da kultur-etxeko auditorioan.


Haurrentzako neguko zine zikloa: "Zutik!"
Eguna: abenduak 5, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "Ingurune naturaletik gero eta urrunago dagoen mundu global honetan, bada oraindik zuhaitzei buruzko istorioak kontatzen dituenik. Iratxoak, gure irudimenari ihes egiten dioten botereak dituzten izaki fantastikoak bizi dira bertan. Zuhaitzeko hazia ernetzen den unetik beretik, iratxo bat jaiotzen da. Bere patuak betiko lotuta geratzen dira. Edo, behintzat, elezahar zaharrek hori kontatzen dute. Baina zer gertatzen da hiriko zuhaitzekin? Orain arriskuan daude. Zuhaitzak bota nahi dituzte eta horiekin batera bertan bizi diren iratxoak desgertuko dira ere. Laguntzeko modu bakarra dago. Zutik eustea".
Nori zuzendua: denentzat egokia.
Sarrera: 3 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Edukiera: 93 lagun.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Ziortza Gazte Elkartea.