Koronabirusa

Covid19 ziurtagiria baimenduta, osasun larrialdia ezarriko du Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 30a, 18:50

Espainiako Auzitegi Gorenak covid19 ziurtagiriaren erabilera baimendu du EAE-n. Albiste hau jakin ostean osasun larrialdia ezarriko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak.

Osasun krisialdiaren testuinguruan, neurri murriztaileak zorroztera doaz. Covid19 ziurtagiria baimendu dute auzitegiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du berriz. Ziurtagiriari dagokionez, gogoan izan, kontsulta egin ziola Jaurlaritzak EAE-ko Auzitegi Nagusiari. Auzitegi honek ez zuen baimendu, oinarrizko hainbat eskubide urratzen dituela argudiatuta. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean eta astarte honetan, auzitegi honek bai, ziurtagiri hau eskatzea baimendu du gaueko aisialdian nahiz 50 lagunentzako baino gehiagorentzako lekua duten jatetxeetan.

Osasun larrialdia
Erabaki honen ondotik Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez osasun larrialdia ezarriko du. Argitzeke da noiz eta zer modutan aplikatuko duten, zer nolako neurri murriztaileak jarriko dituzten indarrean. "Bien bitartean, Jaurlaritza balizko neurriak aztertzen ari da, Gobernuaren eskumenen arabera eta pandemiaren aurkako Legearen arabera, egoera horren berezko ezaugarriak kontuan hartuta, ezin baitira aurrekoekin alderatu. Bestalde, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari planteatutako proposamena errepikatuko da, hau da, Errege Dekretua aldatzea, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izan dadin kanpoan ere", ohartarazi du Jaurlaritzak.

Egun, Osakidetzako zentro guztiak "Kontingentzia Planaren bigarren egoeran daude" jakinarazi du. Eta egokitzapenak, murrizketak iragarri ditu. Osasun sailburuak iragarri du, "Osakidetzak arreta ematen jarraituko diela bai urgentziei eta onkologikoko pazienteei, eta jarduera kirurgikoa programatzen jarraituko duela. Hala ere, egungo egoerara egokituz egingo du".

Bitartean, indarrean diren neurriak gogorarazi ditu Eusko Jaurlaritzak:
-Jende pilaketak saihestu.
-Barruko espazioak aireztatzea.
-Eskuak maiz garbitzea.
-Maskara zuzen eta etengabe erabiltzea barnealdeetan eta kanpoko espazioetan.
-Prebentzio-neurriak betetzea ezin izango dela bermatu aurreikusten badute, jarduera eten edo atzeratu beharko dute.
-Eta ekitaldietan prebentzio-neurriak hartzen badira, hauek indartu egin behar dira.