Hurbilagoren ilargi ederra hautsi du azken orduotako denboraleak

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 2a, 09:09

Azken orduotako denboraleak Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak Kale Nagusian jarria zuen ilargi ikusgarria hautsi du.

Abisu horian izan gara azken 24 orduotan "prezipitazio iraunkorragatik". Gogotik bota du eta haize ufada gogorrak ere izan dira. Denborale honek negu hasierako ospakizunei begirako apaingarrietan bete-betean eragin du. Hurbilago Elkarteak Kale Nagusian jarria zuen ondoko irudiko ilargi ikusgarria hautsi du. Irudi horretan ageri den moduan zegoen ostegun goiz honetan.

Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkartea herria argiztatzen hasia zen egunotan Zubiaurrenea eta Errekatxiki kaleek bat egiten duten biribilgunean. Azken urteotako etxolak jarri eta argiztatuak ditu. Herri merkataritza eta ostalaritzaren alde lanean diharduen bilguneak urte amaiera hau girotu nahi du beste urte batez, zenbait ekimen antolatzearekin batera.

Azaroaren 28an Udazkeneko Azoka antolatu ostean, urte amaiera eta herri merkataritza eta ostalaritza girotzen eta pizten segiko du Hurbilagok.