Herriko sortzaileak gaurtik Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 4a, 08:21

Usurbilgo sortzaileen ordezkaritza bat abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Azokan izango da urtero moduan. Covid19aren hedapenaren eraginez, txandakako sistema ezarri du antolakuntzak. Azokan sartzeko izena aurrez eman beharko da durangokoazoka.eus atarian.

Covid19 neurrietara egokituko da abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Azoka. Landakon sartzeko aurrez eman beharko da izena. Norberak ordu eta erdiz bisitatu ahalko du gunea; "txanda bakoitzean 4 sarrera erreserbatu ahalko dituzu", ohartarazi du antolakuntzak. "Jokatu erantzukizunez, eta erreserbatu itzazu benetan behar dituzunak bakarrik". Goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 19:30ak arte ordu eta erdiko txandak erreserbatu ahalko dira. 

1.200 bisitari elkartu ahalko dira aldi berean bertan, ordu eta erdiko txanda hauetan. Eta barruan, kultur eskaintza zabalarekin topo egingo du bisitariak. Urtero moduan, iragarri diren ekitaldietan herritarren parte hartzea izango da. Hemen usurbildarren hitzorduen egitaraua, informazio gehiago durangokoazoka.eus atarian.

USURBILDARRAK DURANGOKO AZOKAN
Abenduak 4, larunbata
12:00-13:00
Talaia-Musika Eskolan: “Ilargia eta Landareak” liburu aurkezpena. Egileen, Jakoba Errekondo eta Antton Olariagaren hitzaldia ilargiak landaredian duen eraginaz, Argiak plazaraturiko liburu aurkezpenarekin batera.
17:00-17:30 “Sua” komikiaren aurkezpena Talaia Musika Eskolan. Alex Tello, Julen Ribas, Xabi Bastida eta Aitor Gorosabel. “Alex Tellok, Su Ta Garren kanten pasarte batzuk bata bestearen atzetik lotuz, sorturiko fikziozko istorio bat”.

Abenduak 5, igandea
13:00-13:30
“Letren jolaslekuan” liburu aurkezpena Yolanda Arrietarekin eta Eider Eibarrekin Saguganbara-Elkartegian. Aurkezpen dinamikoa: “hitz-jokoak, ikus-entzuleen partaidetza eta irudiak zuzenean”. 6-8 urteko haurrentzat eta nahi dutenentzat.
15:00-15:30 “Groau!” liburu berreditatuaren aurkezpena Yolanda Arrietaren eskutik, Saguganbara-Elkartegian. Irakurketa ozena eta dramatizatua ikus-entzuleekin. 6-8 urtekoentzat eta nahi duenarentzat.
16:00-16:30 Jakoba Errekondoren “Ilargiaren egutegia 2022” aurkezpena Talaia-Musika Eskolan.

Abenduak 6, astelehena
12:30-13:00
“Zerak” solasaldia Yolanda Arrietarekin Ahotsenean, Landakon. “Nire lagun ezkutukoak nire barruko indarrak dira. Susmoak, ikarak, galerak, nahiak… zerak”.
16:00-16:30 “Etxeko landareak. Etxe barrua, balkoia eta lorategia” Jakoba Errekondoren liburu aurkezpena, Talaia-Musika Eskolan. “Loreak etxeko pozak dira. Ongi zaintzen dituenak bizitzaren edertasuna jasotzen du opari. Liburu honek hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu”.

17:30-18:30 Joan Mari Torrealdairen “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” Egunkariaren sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidearen kontakizun liburuaren inguruko elkarrizketa Joan Mari Larrarterekin  Talaia-Landakon.

Abenduak 7, asteartea
19:30-20:00
Joseba Tapiaren bakarkako “egon edo ez egon” 9. diskoaren aurkezpena Ahotsenea-Musika Eskolan.