Koronabirusa

Covid19ak hildakoen omenaldia, abenduaren 18ra atzeratua

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 6a, 11:20

Oroimenerako gune iraunkorra egokituko du Usurbilgo Udalak Bizkarren covid19ak hildako herritarren omenez. Eta gune horretan bertan, ekitaldia deitua zuen abenduaren 12rako. Baina astebetez atzeratu da hitzordua, hilaren 18ra.

Orain arteko datu ofizialen arabera, koronabirusak zortzi herritar hil eta ia 700 herritar kutsatu ditu Usurbilen eta itxura denez, osasun krisialdia gainditu ezinik gabiltza. Covid19aren eraginez orain arte hil diren herritarrak omendu eta oroitzeko gunea egokituko du Usurbilgo Udalak Bizkarreko parkean. "Mundua geratu zuen gaixotasunak Usurbilen eragin dituen hildakoak gogoratzeko leku iraunkorra izango da, aurrerantzean, Bizkarreko parkean, han ezarriko duten eskultura baten bidez", berri eman du Usurbilgo Udalak. Bide batez, "Covid19aren ondorioz gertukoren bat galdu duten herritarrei doluminak helarazi nahi dizkie" Udalak.

Oroimen gune horretan hain zuzen omenaldi ekitaldia antolatua zuen abenduaren 12rako baina atzeratzea erabaki dute, hilaren 18ra hain zuzen. Omenaldia beraz, abenduaren 18an eguerdiko 12:30etan Bizkarreko parkean. "Udal ordezkariek ez ezik, hainbat herritarrek ere parte hartuko dute ekitaldian. Ekitaldia aire zabalean izanik, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea bertaratu ahal izateko", ohartarazi dute antolatzaileek.