Astelehen hau, abenduaren 6a, gorriz ageri zaigu egutegi gehienetan, Espainiako Konstituzioaren urtemuga eguna izateagatik. Baina ez guztietan. Batzuk jai zuten, besteek lan edo ikasketa eguna. Usurbilen isla argia izan du errealitate honek, abenduaren seigarren honetan. Dendak esaterako itxita ziren. Udal zerbitzuak aldiz zabalik, baita Udarregi Ikastola ere. Ikastolaren kasuan iragarria zuten moduan, astelehen hau "klase eguna izango da eta zerbitzu guztiak eskainiko dira. Ohiko ordutegian eta eguneroko dinamikan lan egingo dugu lan egun arrunt bihurtu nahi dugun egun horretan. Beraz, animatzen zaituztegu egun horretan klaseetara etortzera!", luzatua zuten gonbita.
Udal zerbitzuen kasuan ere antzera dira; zabalik eta lanean udal erregistroa, Potxoenea, Oiardo Kiroldegia edota Sutegi udal liburutegia. Iragan ostiralean alderantzizko egoeran genuen herria; komertzioak zabalik, udal zerbitzuetan edota Udarregi Ikastolan jai. Abenduaren 3a Euskararen Eguna zen eta jai eguna izendatua zuten.