Koronabirusa

Udal ekipamendu publikoetako edukiera %60ra murriztua beste bi astez

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 7a, 10:21

Azaroaren 19an indarrean jarritako neurriari beste bi astez eustea erabaki du Usurbilgo Udalak, covid19ari lotutako kasu positiboek gorantz egin ostean.

Covid19 kasu berrien agerraldiek etenik ez dute azken asteotan ez Usurbilen ezta orohar ere Euskal Herrian. Udalerri honen kasuan, Gipuzkoako gainerako herrien antzera, izugarri hazi da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia. Astelehen honetan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaraturiko azken datuen arabera, 1.474,32an da. Abenduko lehen bost egunetan soilik 35 kasu antzeman dituzte udalerri honetan, azaroa osoan zenbaturiko herena. Iragan hilabetean 108 covid19 kasu izan ziren Usurbilen.

Testuinguru honetan, azken bi asteotan indarrean izan den neurri murriztaile bati eustea erabaki du Usurbilgo Udalak beste bi astez gutxienez; udal ekipamendu publikoetako edukierari buruz ari gara. Prebentzio modura %60ra gutxitzea erabaki zuen Udalak azaroaren 19an, aipatu moduan bi astez.  "Azaroa erdialdean izan zen agerraldi bat tarteko hartu zuen Udalak ekipamendu publikoetako edukiera %60ra jaisteko erabakia. Bi astetarako ezarri zuen neurria, eta ordutik covid19arekin lotutako kasu positiboak gehituz joan direnez, neurriei eustea ebatzi du Osasun Sailak emandako datuak jaso bezain pronto", ohartarazi du Udalak.

Hamabostaldia igaro da eta aipatu moduan, koronabirusak egun duen hedapena kontuan izanda neurri honi eustea erabaki du Udalak. "Halaber, datuei adi jarraituko du Udalak, horren araberako erabakiak hartzeko", ohartarazi du Udalak.