NOAUA! Joan zen urtean, NOAUA!k urtero San Tomasetan antolatzen duen babarrun eta sagardo lehiaketan garaile izan zinen babarrunean. Aurten ere parte hartuko duzu?
Antonio Eizagirre: Bai, badut parte hartzeko asmoa aurten ere. Oraindik babarruna ez dut prestatu horretarako, baina parte hartzaileen artean egongo naiz, bai. Orain babarruna aletzen ari naiz, gero bereiztu eta txukunenak NOAUA!ra eramateko.
Nolako babarruna da aurtengoa?
Oso itxura ona du aurtengo aleak, edo nireak bai behintzat. Hala ere, aurtengoa ere nahiko berezia dela uste dut. Joan zen urtekoa nahiko kaxkarra izan zen orokorrean. Hazia egiterako garaian eguraldi txarra tokatu zen eta lorea ere berandu atera zen. Udazkenean, berandu hasi ginen biltzen eta oraindik ongi heldu gabe zegoen biltzerako garaian. Aurten, berriz, ale beltz-beltz batzuk ere badaude, baina orokorrean nahiko ale gorrixkak izango direla iruditzen zait.
Joan zen urtean bai, baina gehiagotan ere irabazi izan duzu?
Etxean beste txapela bat ere badaukat, baina nahiko aspaldikoa da. 2008an lortu nuen txapela babarrunarekin, eta beste urte batzuetan ere sariren bat irabazi izan dut. Sagardoarekin urtetan irabazi dudala uste dut.
Irabazteko aukerak dituzula uste duzu?
Nik ale onak dauzkat, baina besteek ere agian oso urte ona izango zuten. Nik dauzkadan alerik onenak eramango ditut eta saiatuko naiz irabazten, baina onenak irabaz dezala!
SAN TOMAS AZOKAKO LEHIAKETA
Abenduaren 19an egingo den Azokako lehiaketan parte hartzeko, babarrunak eta sagardoak NOAUA!ren egoitzan utzi beharko dira.
Ekarri beharrekoa:
Kilo bat babarrun (12 euro ordainduko da).
8 sagardo botila (Botilako 1´5 euro ordainduko da).
Epea: abenduaren 9an, 10ean edota 13an.
NOAUA!ko ordutegia: 8:00-13:00 / 16:30-18:30.