Azken hamabostaldia euritan eman dugu, eta are gehiago egin dezake datozen orduotan Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez. Alerta laranjan izango gara "prezipitazio iraunkorragatik" ostegun goizeko 9:00etan hasi eta ostiral arratsaldeko 15:00ak arte. "Zenbait lekutan 80 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 orduan. Prezipitazio ertaina eta iraunkorra egingo du, Kantauri isurialdean sarriago eta ugariago egingo du eta bertan zenbait lekutan prezipitazioa handia izan daiteke".
Egoera honetan, uholdeei aurre egiteko Euskadiko Larrialdietarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu du Eusko Jaurlaritzak uholde arriskuagatik, "ibaien une hauetako egoera eta datozen orduotarako aurreikusten diren prezipitazio iraunkorrak kontuan hartuta. Alerta-fase horrek inplikatzen du, besteak beste, egoeraren etengabeko jarraipena egitea".
Giro honetan Usurbilen gaur (abenduak 9), "zerua oso hodeitsu edo estalia egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra izango da. Goizaldean eta goizean goiz trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko, ipar-mendebaldekoa nagusituz, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, batez ere eguerditik aurrera. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". Ostiralean "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, egunaren lehen zatian sarriago eta ugariago egingo du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez".
Gomendioak
-Kontuz ibili erreka inguruan edo urak erraz har ditzakeen lekuetan.
-Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik, bai eta garajeetatik edo urak har ditzakeen lekuetatik ere.
-Bertan behera utzi mendi-irteerak eta aire zabaleko txangoak.
-Ahal dela, ez ibili autoan. Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki seguru batean.
-Aldian behin aztertu inguruko hustubideen egoera, bereziki orain, hosto ugari baitago.
-Komunikabideen bidez une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus