Bardoze Lapurdiko ipar ekialdean kokatzen den herri bat da. Orain arte bertako umeak Beskoitzeko Ikastolara joan behar izaten zuten. Pasa den urtean bi familia euskaldunek abiatutako kanpainaren ostean, guraso eta beraz ume gehiago Bardozeko ikastolaren proiektura atxikitzea lortu zen. Seaskaren laguntzarekin aurkeztutako egitasmoak herriko etxearen oniritzia jaso eta gero jarri zen martxan ikastola 2020ko irailean. Horrela Lapurdiko Xarnegu eskualdean ere hasi da ibiltzen lehen ikastola.
Egitasmo horren berri emateko Bardozeko ikastolakoen bisita antolatua zuten iganderako, abenduaren 12rako Usurbilen. Osasun krisialdiagatik ordea, datorren udaberrira arte atzeratzea erabaki dute. Udarregi Ikastolara bisita egitekoak ziren eta kalejira egitekoa zuten gero Bardozeko txistulariek, gurasoek eta haurrek, Usurbilgo dantzari, musikari eta herritarrekin batera.