Larunbat goizeko 9:00ak arte luzatu dute alerta laranja eta uholde arriskua

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 10a, 10:23

Alerta egoera luzatzea erabaki dute; ostiral arratsaldeko 15:00etan ez iragarria zegoen moduan, larunbat goizeko 9:00ak arte luzatu dute alerta laranja "prezipitazio iraunkorragatik" baita beraz uholde arriskua ere.

Izatez ostiral arratsaldeko 15:00ak arte iragarria zegoen alerta laranja "prezipitazio iraunkorragatik". Baina atzotik indarrean dugun alerta larunbat goizeko 9:00ak arte luzatu dute, eta honenbestez, baita uholde arriskua ere. "Baliteke 24 orduan Gipuzkoako zenbait tokitan 60 l/m² baino gehiago pilatzea, bereziki ekialdean. Ibaien egoera dela eta, eta prezipitazio ertainak eta zenbait tokitan iraunkorrak espero direnez, uholde arriskua mantentzen da", Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez.

Adi, aipatu agentziaren ondoko grafikoan Lasarten kokatua duten estazioko datuen grafikoa ikus dezakezue, errioak azken orduotan izan duen bilakaera. Ostegun arratsaldeko 14:30ak pasatxoan maila horira heldu zen Oria eta hortik goranzko bideari eutsi dio gaur goizeko 11:00ak aldera arte. 18:00ak pasatxoan maila laranjara heldu zen, eta gauerdia aurretik maila gorrira. Maila gorri horretan mantendu da errioa gaur eguerdira arte.



Usurbilerako iragarpena
Giro honekin, Usurbilen, gaur (abenduak 10), Euskalmet-en arabera, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez edo gutxi igoko dira". Larunbatean "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, goizaldean sarriago eta ugariago egingo du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin goizaldean; arratsaldean mendebal-osagaitik haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".

Eta adi, igandean, azkenean baditu baietz, eguzkia ikusi ahalko dugula. "Zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin goizaldean; goizean hodeiak gutxitu egingo dira eta arratsaldean zerua hodei gutxirekin geratuko da. Goizaldean prezipitazio txikia egin dezake. Mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean hego-mendebaldera egingo du. Arratsaldean ipar-ekialdera egingo du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, baliteke azken orduetan neurtzea. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua hemen; euskalmet.eus