Izan egunotako eguraldiagatik edota osasun krisialdiagatik, bertan behera utzi dituzte herri eragile ezberdinek asteburu honetarako iragarriak zituzten hainbat ekintza. Hemen dituzue xehetasunak.
Santuenean txangoa eta azoka solidarioa
Larunbat honetarako hitzordu ezberdinak iragarriak zituzten auzoan. Goizerako, Auzo Planari lotuta abian duten parte hartze prozesuaren baitan Santuenea behatzeko txangoa. Baina "eguraldiaren eta honek sorturiko egoera ikusita, baldintzak betetzen ez direla iritzi dugu talde eragiletik. Horregatik zita atzeratzea erabaki dugu, denon eta prozesuaren hobebeharrez". Orain arte Auzo Planeko diagnosi fasean landutakoa aurkeztuko dute hurrengo astean.
Astebete atzeratu dute bestalde, larunbat arratsalde honetarako iragarria zuten azoka solidarioa.
SANTUENEA, ABENDUKO ESKAINTZA
Abenduak 16, osteguna
18:30 Auzo Planaren diagnosi faseko emaitzen eta hurrengo urratsen aurkezpena Santueneako frontoian.
Antolatzailea: Santuenea Elkarlanean.
Abenduak 18, larunbata
GABONETAKO AZOKA TXIKIA ETA BAZAR SOLIDARIOA
16:00 Santueneako Gure Elkartea jubilatuen eta auzo elkartearen atarian.
Zehaztasunak: "Postuak jarriko dira. Postu horietan auzoko nahiz herriko artisauek egindako eskulanak salgai jartzeko aukera izango dute. Auzoko dendariek ere aukera dute produktuek kalera ateratzeko. Gainera, gaztainak, parrilla... egongo dira. Horretaz gain bazar solidarioa jarriko dugu, liburuak, arropa, bitxikeriak, jostailuak... denetarik egongo da".
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.
18:30 Gabonetako zuhaitzaren piztea Dj Mendiren gabonetako musikaz girotua.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.
Covid19ak hildakoen aldeko omenaldia
Igande goizerako iragarria zegoen ekitaldia astebete atzeratu du Usurbilgo Udalak. Abenduaren 18an 12:30etan ospatuko da Bizkarreko parkean. "Mundua geratu zuen gaixotasunak Usurbilen eragin dituen hildakoak gogoratzeko leku iraunkorra izango da, aurrerantzean, Bizkarreko parkean, han ezarriko duten eskultura baten bidez". Udalaz gain hainbat herritarrek parte hartuko dute hitzorduan.
Bardozeko ikastolakoen bisita
Bardozeko ikastola iazko irailean zabaldu zuten. Egitasmoaren berri emateko ekitaldiak antolatuak zituzten Usurbilen, igande honetarako, abenduaren 12rako. Antolakuntzak ohartarazi duenez ordea, osasun krisialdiagati udaberrira atzeratu dituzte.