Gizarte eredu desberdin baterako eta herri harrotasunerako turismo plana aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 13a, 10:29

Herri nortasun bizia mantentzea helburu izan eta plan batetik askoz haratago doan herri proiektua aurkeztu zuten Usurbilgo Udalak eta egitasmoa diseinatzen ari den Jon Maia bertsolariak larunbatean Sutegin. Mundu hobego bat eraikitzen lagundu eta herri harrotasunerako tresna izan nahi duen bestelako turismo eredu bat lantzeko oinarria.

Bestelako gizarte eredu baterako, mundu hobeago bat eraikitzeko eta herri harrotasunerako tresna gisa aurkeztu zuten larunbatean baimendutako edukiera bete zuen Sutegiko ekitaldian; Usurbilerako turismo eredu berrirako egitasmoa. Turismo plan batetik askoz haratago doan "dimentsio handiko proiektua". Proiektu honen abiapuntua izango dena hain zuzen, "edukiz eta moldez balorean jarri nahi duguna, berritzailea da ikuspegi guztietatik", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak zioenez. Baita kudeaketaren ikuspuntutik ere. Ez baita udal plan bat izango, "komunitatearen sostengua" beharko duen "herri proiektua" baizik. 

Orain arte egindako lanketa aurkeztu zuten alkateak Udalaren izenean eta baita Jon Maia bertsolariak ere. Bertsotan aritzeaz gain, eremu honetan lanean dihardu. "Hilabete asko" darama Usurbilen lanketan. Berrogeitik gora herri eragilerekin egin dituen saioetan oinarritutako bestelako turismo eredu baterako egitasmoa diseinatu du. Gaiak eragiten zion kezkagatik "alternatiba" bat lantzera bultzatu zuen Maia pandemiak baldintzaturiko iazko udan. "Egindako gauza gehienetan beste mundu bat posible dela elikatzen bultzatzen saiatzen naiz", zioen Maiak Sutegiko aurkezpen ekitaldian. Eta hala, bestelako turismo eredu baten lanketari ekin zion, hainbat udalei aurkeztu gero eta "Usurbilgoak halako zerbaiten bila zebiltzala" adierazi zioten. 

Eta hortik ekin diote hilabeteotako lanari; "turismoa arazo bilakatu izan dena nola bihurtu aukera", erronka horri forma ematen. Bi fase ditu Maiaren esanetan, Usurbilgo proiektuak; lehenengoa, informazioa biltzea litzateke. "Zerk ezaugarritzen du Usurbil?" galderari erantzutea. Eta segidan eskaintza bat osatzea, "zer eta nola erakutsi nahi dugu?". Beti ere "zuen onespenarekin" adierazi zien Maiak herritarrei, gogorarazi baitzien, "plan honen onuradunak zuen izango zarete". Eta egitasmo honen azken emaitza, "herri bizia, herri identitate bat mantentzea".

Altxor ugariko herria
Usurbilek badu zer erakutsia Maiaren esanetan. "Aberastasun handia" du, "herri txikia izanik beste herri gehienek ez dituzten hainbat altxor dituzue". Horregatik proiektu hau, "zuen buruaz harro eta nahi dugun mundu horren protagonista" izatea sustatu nahi dute.

Hala aurkeztu zuten, amaitzear dugun 2021 honetan herri honek bete duen urtemuga borobilari keinu eginez, "650 Usurbil bizi", "Usurbil bizigarria" egin nahi duen egitasmoa. 

Zertan zehaztuko den, hurrengo urratsen berri eman zuten. Urte berrira begira, Sutegin aurkeztutakoa herri eragileekin partekatzeko erronda egingo dute datozen hilabeteotan. Komunitatearen sostengua beharko duela iragari dute, eta honebestez "Udalaren eta herri eragileen artean lankideatza eratu nahi dute honi bide emateko". Espazio partekatu bat sortu nahi dute, ekarpenak jaso eta elkarlan horretatik garatzeko proiektu hau. Parte hartze prozesu bat bideratzekotan dira datorren urtean. Horregatik zioten larunbatean, aurkezpen ekitaldia bera abiapuntua baino ez dela.

2022rako udal aurrekontuetan 100.000 euro inguruko partida gordea du udal gobernu taldeak egitasmo hau bideratzeko. Webgune bat ere martxan jarri asmo dute. Eta 650. urtemuga oharkabean igaro ez dadin, kalezartarrek azaroa hasieran eskainitako emanaldiaren ondotik, Usurbilgo historiaren pasarte ezberdinak islatuko lituzkeen herri antzerki bat sortzeko asmoa ere agertu dute. Herria erretratatuko lukeen ikuskizuna, "Usurbilen identitate transmisio lan garrantzitsua izan liteke", Udalaren esanetan.