Sagardoaren Usurbil
Edari preziatu honen kontsumoaz haratago, sagardoaren inguruko kultura sustatzea nahi dute, "zentzu zabal eta sakonenean". Arlo honetan lanean diharduten eragileak ekarri zituen gogora Maiak; herrian dauden zazpi sagardotegiak, Sagardo Egunaren Lagunak edota formakuntzan erreferentzialtasun osoa duen Alkartasuna Kooperatiba.
Txalapartaren Usurbil
Artze anaien ondarea, txalapartaren kultura sustatzen diharduen Jexux Artze Kultur Elkartea ekarri zuen Maiak gogora. Baita Oreka Tx-ek kudeaturiko Txokoaldeko Txalaparta Txokoa.
Zero zabor Usurbil
Aitzindaria da udalerri hau hondakinak kudeatzeko ereduan. "Kanpotik datoz hemengo eredua ezagutzera", nabarmendu zuen Maiak. Interesa sor dezakeelakoan aukera hau turismorako eskaintzan bilakatzea proposatzen du.
Errioaren Usurbil
Eragileekin egin duen errondan behin baino gehiagotan entzun du Maiak, "errioari bizkar emanda bizi" dela Usurbil. Baina naturaren, aisialdiaren edota ondarearen ikuspuntutik duen aberastasuna goraipatzen du; angulen historia edota ontzigintzaren industria, erriberako nekazal lurrak...
Ondarearen Usurbil
Herriak duen ondare aberastasuna nabarmentzen ditu proiektu honek; errotarri eta mugarriak, Elizako organoa, Andatza mendia bera, baserrien inguruan bideratu den lanketa. "Bisita asko" egiteko aukera eskaini dezakete.
Usurbil museo irekia
Herri proiektu berri honek sorkuntza aldetik Usurbilek duen aberastasuna ere balorean jartzen du; herriko kale eta plazetako artista ezagun ezberdinen horma irudiak, eskulturak...
Angularen Usurbil
Bere historia eta industria aipatu zituen Maiak. Bereziki nola ezaugarritu duten Aginaga. "Jakitura inmaterial" hori berreskuratzeko proposamenak dituzte.
Ez dok Amairuren Usurbil
Mugimendu honetako zenbait partaide usurbildarrak ditugu, Artze anaiak kasu. Baina kide gehiagok izan zuten lotura estua udalerri honekin. "Gure ametsa" zioen Maiak, hemen kokatuko litzatekeen "Ez Dok Amairuren interpretazio zentro nazionala" litzateke. Amets "zailenetakoa". Bestalde, Ez Dok Amairuri buruzko baso magikoa ere proposamenen artean legoke, "Artze eta Zumetaren unibertso imaginarioan oinarriturikoa".
Memoria historikoaren Usurbil
Usurbil 1936 elkartea memoria historikoa berreskuratzeko lanean dabil, informazioa biltzen, lubakiak berreskuratzeko lanean... "Hau ere turismorako eskaintzan" bilakatzea proposatzen du.
Errebotearen Usurbil
"Babes berezikoa eta ondare izaerakoa" bai errebotea bera, Zubietako pilotalekua. Maiaren esanetan, "balorean jartzeko altxor bat".
Zaintzaren Usurbil
Eremu honetan eredu berri baten lanketan murgildua da Usurbil. Hor ditu gauzatze bidean Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua edota Matia Kalezarren eraikitzen ari den adinekoen auzune berria. "Ez litzaiguke bururatuko zaintza eskaintza bihurtzea. Goazen erakustera nahi duenari".
Euskararen Usurbil
"Herri gutxi egongo dira Usurbilgo sinbolismoarekin", Maiaren esanetan, "ohorezko lekua dutenak euskararen historian". Herri honetan sortutako artistak euskarari lotuak daude, Europako hizkuntza gutxituen teknologian erreferentziala den Elhuyar lantegia ere Usurbilen kokatua dago. Euskararen erabilera sustatzeko politikak ditu udalerri honek hitzarmen ugari ere bai; tartean Jakin eta UEU-rekin... Hau guztia turismo eskaintzan bilakatzea litzateke erronka. "Usurbila datorrena egun bat euskara hutsez bizi ahal izatea".
Naturaren Usurbil
Alderdi hau ere turismorako baliabidean bilakatzea proposatzen dute; bereziki Andatza edota errio ingurua, baina hori bai modu "kontrolatuan eta ondarea eta nekazal lurrak babestuz".
Auzoen Usurbil
Auzo bakoitzak bere bizitza eta egitura propioak ditu eta hori ere balorean jartzea proposatzen du larunbatean Sutegin aurkezturiko herri proiektu berriak.