Marsel magoaren emanaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 16a, 08:00

Azaroaren 24an atzeraturiko emanaldia ostegun honetarako iragarri du Sutegi udal liburutegiak. "Udazkena Liburutegian" zikloa borobilduko du.

Oraingoan bai, badator Marsel magoa bere saioarekin gaztetxoenak liluratzera. Izatez azaroaren 24rako iragarria zuen Sutegi udal liburutegiak "MagiaZ: Magia eta Zientzia uztartuz, Marsel margoarekin" izeneko emanaldia. Covid19 kasuen gorakadak ordea hitzordua atzeratzea eragin zuen. Antolakuntzak abenduaren 16rako finkatu zuen data berria, ostegun honetarako beraz. Eta deialdiari eutsi diote; ostegunean 18:00etan Sutegin, Marsel magoaren emanaldia. Ekitaldira joateko izena usurbilkultura.eus plataforma bidez eman ahalko da aurrez. 6 urtetik beherako haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute.

Ekitaldi honek borobilduko du benetan oparo joan den "Udazkena Liburutegian" zikloa. "Irudipuinak" emanaldia eskaini zuten Ixabel Agirresarobek eta Mattinek, Amets Arzallusen "Miñan" liburuaren aurkezpena antolatu zuten, Ibon Martinen solasaldia ere bai bere eleberrien inguruan, "Kolorez jantzita" ipuin musikatua edota "Bidea ipar" liburuari buruzko hitzaldia.
 
Usurbilgo uzta
"Udazkena Liburutegian" zikloa amaituta, negu betean sartuko gara eta urtaro aldaketarako beste ekimen bat antolatzeko buru-belarri ari da lanean Sutegi udal liburutegia. Azken urteon ildotik, abenduaren 20tik aurrera Sutegiko erakusleihoan ikusgai izango duzue Usurbil gaitzat izan edota Usurbilgoak diren sortzaileek amaitzear dugun urte honetan zehar plazaratu dituzten lanen erakusketatxoa.