Koronabirusa

Covid19 ziurtagiriaz hitz egiteko urgentziazko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 07:04

Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri duen neurri berriak eragindako ezinegon eta zalantzen aurrean, urgentziazko bilera deitu du Usurbilgo Udalak ostiral arratsalderako 16:30etan Potxoenean, herri eragile eta taldeekin.

Covid19 ziurtagiria gune itxi gehienetan eskatzeko agindua indarrean du Eusko Jaurlaritzak, asteazken honetan argitaratu duen dekretuaren ostean. Zalantzak, kexak, haserrea ere eragiten ari da Jaurlaritzak EAE osorako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, eta beraz Usurbilerako ere hartu duen neurri berria. Gaiaz hitz egiteko urgentziazko bilera deitu du Usurbilgo Udalak ostiral arratsalderako, abenduak 17, 16:30etan Potxoenean.

Hitzordura, herriko talde eta eragileak gonbidatuak daude. "Dekretu berriak kezka, ezinegona eta galdera ugari eragin ditu, eta horiek argitu nahian ari da Usurbilgo Udala, dagokienei argibide gehiago eskatzen. Edonola ere, udal-gobernuak beharrezko ikusten du, oraingo honetan ere, eta pandemian zehar hainbat alditan egin bezala, herriko talde eta eragileekin eskuz esku aritzea, eta, horregatik, dekretuaren nondik norakoez aritzeko, ostiral arratsalderako urgentziazko bilera deitu du".