Usurbilgo PSE-EEk herriko mantenua eskatu du

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 16a, 12:20

Francisco Suarez talde sozialistako bozeramaileak Udaleko gobernuari hobekuntzak eskatu dizkio bide publikoan Usurbilek gaur egun dituen gabeziei irtenbidea emateko. Bozeramailearen ustez premiazkoa da espaloiak eta galtzada berritzea, eta bide-seinaleztapena eguneratzea. Hain justu, San Esteban kalean kokatuta dagoen espaloia eta seinaleztapen berria, bai horizontala eta baita bertikala ere, Zubieta eta Santuenearen arteko errepidean.

Suarezek adierazi du neurri horiek mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko Usurbilgo gune horretan ezinbestekoak direla.  San Esteban kalean Villa Luisaren parean espaloia “oso estua” da; gune honen ikuspenak kezkatzen du PSE-EE gehien. Eskailerak erabiltzen dituzten pertsonak ez daude autoen gidarientzat ikusgai. Horretaz gain, tren geltokitik hurbil dagoenez, umeek eta gazteek maiz ibilitako bidea da; uste du oinezkoak espazio horretan ibilbide “segurua” izatea lortu beharra dagoela, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa aldi berean egiteko. Ondorioz, Udalari areka bat jartzeko eskatu dio.

 

Gero eta pertsona gehiagok, txirrindulari zein oinezkoek, Santuenea eta Zubietaren arteko errepidea erabiltzen dute; beraz, seinaleztapena berritzea beharrezkoa dela deritzo PSE-EEren bozeramaileak, seinaleztapen egokia istripuak ekiditeko modu eraginkorrenetako bat delako. Bere iritziz, premiazkoa da konponketa horiek “azkar eta beharra sortzen den heinean” egitea.

 

Bi neurri horiek aurkeztu zizkion Suarezek EHBilduko udal-gobernuari txerta zitezen, baina atzera bota zituzten. Hala ere, PSE-EEren ustez, lehentasunezko bi jarduera-lerro dira usurbildarren beharrei irtenbidea emateko eta beraien bizi-kalitatea hobetzeko balioko dutenak..