Koronabirusa

Covid19 ziurtagiriaren aurka mobilizatzera deitu du Aztarrikak gaurko

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 07:56

"Pasaporte covid-ari ez!" aldarripean, elkarretaratzea deitu du Aztarrika Usurbilgo gazte asanbladak ostiral iluntze honetarako, abenduak 17, 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Kezka, haserrea, zalantzak eta desadostasuna eragiten ari da Eusko Jaurlaritzak egunotan indarrean jarri duen azken erabakia; gune itxi gehienetan sartu ahal izateko covid19 ziurtagiria eskatzeko aginduaz ari gara. Asteazkenaz geroztik martxan dena EAE osoan, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, honenbestez baita Usurbilen ere. Gune itxiotara sartzerakoan nahiz barruan egonda edozein uneetan eskatu ahalko dute gune horretako arduradunek nahiz segurtasun indarrek covid19aren aurkako txertoa hartu dugunaren ziurtagiria. Momentuz, diotenez, urtarrilaren amaiera aldera arte gutxienez aplikatzen segi ahalko dute neurri hau.

Aipatu moduan ordea, zailtasun eta desadostasun ugari eragiten ari da Jaurlaritzaren azken erabaki hau. Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak azken orduotan protestarako deia egin du. Elkarretaratzea antolatu du ostiral iluntze honetarako, abenduaren 17rako, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. "Pasaporte covid-ari ez!" aldarripean.

“Gure proiektuak aurrera eramateko espazio bat behar dugu”
Osasun krisialdiagatik bertan behera utzi behar izan zuten bigarren urtez segidan aurreikusia izan baina ospatu ezin izan zuten Gazte Eguna. Mobilizazioa egin zuten frontoian, “oraina guria denk!” aldarripean. Gazteen egoerak pandemia honetan okerrera egin duela salatu zuten, gazteak topagune baten beharrean direla aldarrikatzearekin batera. Egun haietan elkarrizketa eskaini zion Aztarrikak NOAUA!ri.

NOAUA! Zergatik atzeratu duzue Gazte Eguna?
Aztarrika Gazte Asanblada: Hilabete batzuk atzeratzea erabaki dugu. Kultur ekimenei bultzada emateaz gain, herriko gazteen arteko harremantzea, ilusioa berpiztea nahi genuen. Agian ahalko genuke neurriak egokitu eta beste modu bateko Gazte Egun bat antolatu baina aproposagoa iruditu zaigu hilabete batzuk atzeratzea.

Larunbatean mobilizatu zineten frontoian, “Oraina guria denk!” aldarripean. Zer helbururekin?
Duela urtebete ere formatu berdinean egokitu genuen Gazte Eguna, hausnarketarako eta kritikarako. Pandemia aurretik baina bereziki pandemian bizi dugun egoera salatzeko Gazte Eguna antolatu genuen. Urtebete pasa da eta esparru guztietan okerrera goaz. Buruko osasunaren gaia batez ere asko aipatzen da gure artean. Bestalde, denbora honetan kriminalizazio handia jasan dugu eta gazteok ez dugula arduratsu jokatzen. Beste behin erakutsi dugu egoera honen aurrean, dena prest genuenean, guretzat hain garrantzitsua zen Gazte Eguna atzeratzeko erabakia hartu dugula. Ahal den heinean saiatzen garela arduratsu jokatzen.

Iazko Gazte Egunean hausnarketa saio bat ere egin zuten. Zer atera zen eta ordutik zer aldatu da?
Saioetako bat izan zen pandemiak Usurbilgo gazteongan zer ondorio utzi dituen, herriko gazteek betetako inkestari buruzkoa izan zen. Osasun mentalarena, asko hitz egin den gaia izan da gazteon artean. Harremantzeko eta zure aukerak eta zure beharrak asetzeko iturri guztia mozten badizute ez dago bizi irauterik. Bigarren saioa gazteak eta espazioaren inguruko hausnarketa bat izan zen. Pandemiak ekarri duena da, gauza guztiak oso kontrolpean egin behar hori, dena erakundeetatik eta modu formal batean egin beharra. Zentzu batean bai egin behar direla, baina autogestiorako eta lehen gutxi bazeuden, gure kabuz antolatzeko espazioak guztiz kendu dira. Gure proiektuak aurrera eramateko gure espazio bat behar dugu.

“Kalea gurea da eta hori defendatuko dugu”
NOAUA! Azken urtean hainbat saio egin dituzue gaztetxearen inguruan. Gune autogestionatuaren egitasmoa zertan da?
Aztarrika Gazte Asanblada: Hausnarketan ibili gara, orain gaztetxe baten bila ari gara. Aukera batzuekin bueltaka gabiltza. Iazko Gazte Eguneko hausnarketa saioetako ondorio nagusietako bat izan zen gaztetxe baten beharra genuela, gazteon arteko topagune bat. Hausnarketa horretan, hasieran korapilo nagusia izan zen zehaztea nortzuk garen eta zeintzuk goaz gaztetxearen bila. Korapilo hori askatu dugu eta talde motorra Aztarrika gazte asanblada izango dela. Herriratzen saiatu eta beste herri eragileekin hartuemanetan izan gara. Nahi duen orok proiektu honetan parte hartzea da gure ideia. Egitasmoari forma ematen aritu gara aurten. Orain bai, espazio baten bila gabiltza. Gaztetxea hartzen badugu herriarentzako tresna bat izango dela argi dugu. Gaztetxea izan aurretik herrian, kalean segiko dugu ekimenak egiten eta gure beharrak plazaratzen, espazio propioa lortu arte.

Pandemiak urrundu digun kalea berreskuratzea ere erronka bat izango da.
Larunbateko mobilizazioa hortik zihoan, oraina kalea da. Kalea gurea da eta gurea izango da, hori defendatuko dugu. Erakutsi dugu badakigula dugun egoera jasanezin honetan eta gaztetxearekin urtebete borrokan ibili eta oraindik espazioa izan gabe hotzean gauzak egiten eta erakusten Gazte Eguna atzeratuz gauzak ondo egiten ditugula. Mobilizazio horrekin ere salatu nahi genuen iaz jardun berean ari ginela, orduko Gazte Eguneko neurriak moldatu nahian, bilera batean ginela txibatazo bat izan zela. Ez dakigu zer pentsatuko zuten, festa antolatzen ari ginela edo. Baina hau antolatzeko ari ginen biltzen. Gu ginenak baino 10 ertzain gehiago etorri eta isun handia jarri ziguten. Ezker Abertzaleak eta bereziki Sortuk babes handia eman zigun une horretan jasan genuenagatik.