Koronabirusa

Covid19 ziurtagiria eskuratzeko laguntza zerbitzua asteburuan jubilatu elkarteetan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 11:49

Gune itxi gehienetara sartzeko covid19 ziurtagiria eskuratu nahi baina ezinean dabiltza hainbat herritar, adinekoak bereziki. Agiri hau izateko laguntza zerbitzua eskainiko du asteburuan Usurbilgo Udalak eta hiru jubilatu elkarteek.

Egun batetik bestera gune itxi gehienetan sartzeko covid19 ziurtagiria eskatzea agindu du Eusko Jaurlaritzak. Ohikoa den moduan ordea, denek ez dute aipatu agiria. Txertatuak direnen herritarren artean ere badira hainbat lagun oraindik eskuratu gabe zutenak eta orain horretarako zailtasunak dituztenak, baliabide faltagatik edota teknologia berriak erabiltzeko ohitura edo ezagutza faltagatik. Nabaria da errealitate hau besteak beste, adinekoen kolektiboan.

Egoera zein den ikusita, Usurbilgo Udalak Aginaga, Santuenea eta Artzabalgo jubilatu elkarteekin batera covid19 ziurtagiria eskuratzeko laguntza zerbitzua iragarri du asteburu honetarako. Lau txanda antolatu dituzte ostiral eta larunbaterako, bina saio abenduaren 17 eta 18rako. Presazko beharrak eragin du zerbitzu hau martxan jartzea. Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak "adineko ugari utzi ditu nora jo ez dakitela. Asko udaletxera joan dira laguntza eske, eta horren aurrean, Udalak eta Aginagako, Santueneako eta Kaxkoko jubilatuen elkarteek adostu dute teknologia digitaletan trebeak ez diren adinekoei laguntza eskaintzea".

Aipatu moduan lau laguntza saio antolatu dituzte asteburura begira, baina "Aginagako Arrate jubilatu elkartea, Santueneko Gure Elkartea eta Artzabalgo Gure Pakea elkarteko jubilatuak zein zahar egoitzetako tabernetako arduradunak laguntzeko prest azaldu dira lehenengo unetik bertatik. Behar izatekotan, hurrengo astean ere jarriko dituzte txanda gehiago", ohartarazi du Udalak. Hemen momentuz antolatu dituzten txanden berri:

Covid19aren ziurtagiria eskuratzeko laguntza adinekoentzat
Abenduak 17 eta 18, ostirala eta larunbata
11:00-13:00/17:00-19:00 Aginaga, Santuenea eta Artzabalgo zahar egoitzetan.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Aginagako Arrate jubilatu elkartea, Santueneako Gure Elkartea eta Artzabalgo Gure Pakea elkartea.

"Inpotentzia sentitzen dugu"
Laguntza zerbitzu hau iragarri aurreko orduetan, Usurbilen gertatzen ari dena azaldu du Agurtzane Solaberrieta alkateak sare sozialen bidez. "Osakidetza herriko adineko pertsonak udaletxera bideratzen ari dira, covid ziurtagiria ateratzera. Ez dakit nork eman duen agindu hori, gure zeregina ez denean, baina egunotan, adineko pertsonen joan-etorria ugaria da", azaldu du. Eta laguntzeko ahal den guztia egin arren, "kasu batzuetan, ordea, ezinezko gertatzen ari zaigu, Osakidetzako datu basean dauden datuak eta sistemak eskatzen dituenak ez datozelako bat, eta udaletan ez dugu horiek zuzentzeko modurik".

Egoera honen aurrean, alkatearen esanetan, "inpotentzia sentitzen dugu, herrikideak burumakur eta noraezean ikusten ditugulako. Halaxe atera berri da adineko bikote bat udaletxetik, nora joan ez zekitela. Dekretua bete ahal izateko, sistema prestatu behar da aurrez, eta baliabideak jarri arrakala digitala ez areagotzeko".