Koronabirusa

Covid19 ziurtagiria eskatzerakoan malgutasunez jokatuko duela iragarri du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 18:14

Malgutasunez, herritar guztien eskubideen alde lanean segitzeko borondatea agertu du udal gobernu taldeak, covid19 ziurtagiriaren derrigorrezko erabileraren inguruan gaur herri eragileekin Potxoenean egin duen bileran. Pandemia osoan zehar egin bezala, herrikideon elkar zaintzarako, elkar babesteko deia egin dute.

Eusko Jaurlaritzak asteazkenaz geroztik indarrean du eremu itxi gehienetara sartzeko covid19 ziurtagiria erakustea derrigortzen duen dekretu berria. Momentuz urtarrila amaierara arte martxan izango omen dute neurri hau edota udalerrien 100.000 biztanleko 14 eguneko koronabirusaren intzidentzia 300etik behera murriztu arte.

Neurriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerriei eragiten die, baita beraz, Usurbili ere noski. Udalerri honi begira zer? Horri buruz jarduteko urgentziazko bilera deitua zuen ostiral arratsalde honetarako udal gobernu taldeak herri eragileekin Potxoenean. Beste ezer baino lehen, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak bat egin du, Jaurlaritzaren azken erabaki honek herritarren artean eragindako kezka, zalantza eta haserrearekin. Nabarmentzeko moduko bigarren argibide bat ere eskaini du, azken aldian herrian detektatu diren covid19 kasuen gorakada handiaren harira. "Gehiengoa ondo dago". Kezka agertu du bereziki, osasun sistemaren egoerarekin, gainezka eginda eta baliabide falta agerikoarekin baitago.

Pandemiaren kudeaketa halere neurri murriztaileen norabidetik doala gogorarazi dute, ez hainbeste osasun sistema baliabidez hornitu eta indartzeko bidetik. Testuinguru horretan, zehazki covid19 ziurtagiria derrigorrez eskatu eta erakutsi beharraren eraginkortasuna zalantzan jarri dute, "neurri horren alderdi sozialaz" ere kezka agertu dute. Ziurtagiria erakusteko derrigortasuna neurri "baztertzailea izan eta pertsona batzuen eskubideak kolokan jar ditzakeela" ohartarazi dute. Udal gobernu taldetik orain arte egin duten moduan, herritar guztien eskubideen alde lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.

Udal baliabideen ardurapean
Halere, covid19 ziurtagiriaren erabilerari dagokionean, baietz adierazi du udal gobernu taldeak, administrazio publikoa diren heinean behartuak daudela "neurri hau bete eta betearaztera udal ekipamenduetan", Jaurlaritzaren dekretuak dioen moduan eremu itxi gehienetara sartzeko ziurtagiria eskatzera alegia. Baina hainbat argibide eskaini ditu; batetik, "inongo talderen ardurapean ez dugu jarriko ziurtagiria eskatzeko ardura". Udal baliabideak, udal langileak izango dira zereginotaz arduratuko direnak udal instalakuntzetan kultur edo kirol ekitaldiren bat dagoenean. Dagoeneko udal langileekin zenbait bilera egin dituzte ziurtagiriaren erabileraren inguruko irizpideak finkatzeko. 

Halakoetan "ziurtagiria eskatu baino ez dugu egingo". Erakustea galdegingo dute, "ezin da konprobatu ezta NAN-a eskatu" argitu dute udal gobernu taldetik. Erakutsi baino ez. Eta une horietan "malgutasunez jokatuko dugu". Pandemia hau bakoitzak bere modura bizi duen arren, laguntza eta ulermena eskatu die udal gobernu taldeak eragile zein herritarrei. Gogorarazi dutenez, ziurtagiria erakustea eskatuko dutenak "herritarrak dira. Ez da trantze erraza izango. Ez genuke herrikideen artean giroa txartzerik nahi". 

Herrikide guztien eskubideak bermatzeko nahia agertu du udal gobernu taldeak. "Estigma sozialak kezkatzen gaitu". Bereziki pandemiak gehien kolpatu dituen kolektiboak; helduenen kasuan, "neurri hau sozializaziorako traba dela" aipatu dute. Haur eta gaztetxoak ere gogoan hartu dituzte. Kirol ikastaroren bat egiten ari den gaztetxo bat neurri honengatik eskaintza horretatik kanpo geratzea ez luketela nahi argi adierazi dute, kirola egitea osasun kontua dela nabarmenduta. Honenbestez,  malgutasunez jokatu eta sor daitezkeen kasu ezberdinak aztertzeko borondatea agertu du udal gobernu taldeak.

Pandemia hasi zenetik egin izan duten moduan, herritarren arteko elkar zaintzarako, elkar babesteko deia egin dute.

Asteotarako eskaintzari eusteko apustua
Azken ordu eta egunotan udalerri bakoitza hartzen ari den norabide ezberdinaz ere mintzatu dira Potxoeneako bileran. Usurbilgo kasuan, Udalak unean uneko araudiaren "interpretazio malgua eginez" datozen asteetarako iragarria dagoen kultur eskaintzari eustea erabaki dute. "Kalean izango dira gehienak", ohartarazi dute udal gobernu taldetik eta "asko haurrei zuzendurikoak", udal gobernu taldearen esanetan pandemia gehien kolpatzen ari den kolektiboetako bat. Orain arteko prebentzio neurriei eutsita ospatuko dira ekitaldiok; gogoan izan, ohiko neurriez gain (musukoak, eskuen garbiketa, distantziak...) behartua egon ez arren Udalak udal ekipamenduetako edukiera %60ra murriztea erabaki zuela azaroan. Murrizketa hau bere horretan mantenduko dute asteotan.