Koronabirusa

Aztarrika: "Oinarrizko eskubideen urraketaren aldeko apustua egin dute instituzioetatik"

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 21:11

"Ez ezkutatu zuen kudeaketa tamalgarria, Covid19 pasaporteari ez!" aldarripean Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak deitutako elkarretaratzea egin berri dute ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan.

Eusko Jaurlaritzak covid19 ziurtagiriaren erabilera derrigorrezkoa ezarri du egunotan dekretu bidez, eremu itxi gehienetara sartzeko. Neurri honen aurka elkarretaratzea deitu du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan. "Balizko konponbide bezala salduz, covid ziurtagiriaren inposaketarekin egin dugu topo, eta honi aurre egin eta erantzun bat emateko beharra ikusi dugu", nabarmendu dute deitzaileek. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak batu ditu hitzorduak. "Beste behin ere, larrialdiarekiko duten ardura indibidualizatzeko saiakeran, oinarrizko eskubideen urraketaren aldeko apustua egin dute instituzioetatik".

Baina ez da covid19 ziurtagiriaren aurkako mobilizazio soila izan. Gazteek bizi duten "egoera tamalgarria" salatzeko ere baliatu nahi zuten protesta ekintza. "Ikusgarritasun guztia ziurtagiria hartzen ari den bitartean" gertatzen ari dena plazaratzeko. "Osasun publikoko sistema odolusten ari dira. Arakatzaileak bota, aurrez aurreko kontsultak murriztu, lehen mailako arretan murrizketak egin, interbentzio kirurgikoak atzeratu...".

Arazoa erabakiak hartzen dituztenengan kokatu dute. "Hauek osasuna eta bizitzak erdigunean jarri baino dekretu inposatzaileak onartu eta murrizketak egitea nahiago. Betiko leloa!".

Egoera honetan Aztarrika gazte asanbladatik iragarri dutenez, "gazteak badakigu hau ez dela irtenbidea, beraz antolatzen, borrokatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu".


AZTARRIKA GAZTE ASANBLADAREN OHARRA
Beste behin ere Usurbilgo gazteok hemen bildu gara, gure azaletan bertan bizitzen ari garen egoera tamalgarria salatzeko asmoz. Begi bistakoa da azken asteotan osasun egoera nabarmen larritu dela eta hau beste behin ere, zuzenki eragiten ari zaigu gazteoi. Hau gutxi balitz, balizko konponbide bezala salduz, covid ziurtagiriaren inposaketarekin egin dugu topo, eta honi aurre egin eta erantzun bat emateko beharra ikusi dugu.

Beste behin ere, larrialdiarekiko duten ardura indibidualizatzeko saiakeran, oinarrizko eskubideen urraketaren aldeko apustua egin dute instituzioetatik. Ikusgarritasun guztia ziurtagiria hartzen ari den bitartean, osasun publikoko sistema odolusten ari dira. Arakatzaileak bota, aurrez aurreko kontsultak murriztu, lehen mailako arretan murrizketak egin, interbentzio kirurgikoak atzeratu...

Guk garbi daukagu, arazoa ez dago herritar edota langileengan; arazoa erabakiak hartzen dituzten horiengan dago. Hauek osasuna eta bizitzak erdigunean jarri baino dekretu inposatzaileak onartu eta murrizketak egitea nahiago. Betiko leloa!

Gazteak badakigu hau ez dela irtenbidea, beraz antolatzen, borrokatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu.