Koronabirusa

Covid19ak hildakoen aldeko gaurko omenaldia, aurrerago egingo dute

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 18a, 09:04

Usurbilgo Udalak abenduaren 12rako iragarria zuen ekitaldia larunbatera, larunbat honetara hilaren 18ra atzeratzea erabaki zuten. Azken orduko ezusteko bat tarteko ordea, bertan behera geratu da gaurko hitzordua ere. Data berria finkatzean jakinaraziko dutela ohartarazi du antolakuntzak.

Orain arteko datu ofizialen arabera, koronabirusak zortzi herritar hil eta ehunka herritar kutsatu ditu Usurbilen eta itxura denez, osasun krisialdia gainditu ezinik gabiltza. Covid19aren eraginez orain arte hil diren herritarrak omendu eta oroitzeko gunea egokituko du Usurbilgo Udalak Bizkarreko parkean. "Mundua geratu zuen gaixotasunak Usurbilen eragin dituen hildakoak gogoratzeko leku iraunkorra izango da, aurrerantzean, Bizkarreko parkean, han ezarriko duten eskultura baten bidez", berri eman du Usurbilgo Udalak. Bide batez, "Covid19aren ondorioz gertukoren bat galdu duten herritarrei doluminak helarazi nahi dizkie" Udalak.

Oroimen gune horretan hain zuzen omenaldi ekitaldia antolatua zuen abenduaren 12rako baina larunbat honetara, hilaren 18ra atzeratzea erabaki zuten. Baina azken orduotan antolatzaileek ohartarazi dutenez, ezusteko bat tarteko berriz bertan behera utzi behar izan dute. Data berria zehaztean jakinaraziko dutela berri eman dute.