Koronabirusa

Covid19 ziurtagiriari buruzko argibideen dokumentua plazaratu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 18a, 09:18

Covid19 ziurtagiriaren erabilera aisialdi eremu itxietan derrigorrezko bilakatu duen dekretua indarrean du Eusko Jaurlaritzak asteazkenaz geroztik. Gai honi buruz sortzen ari diren hainbat zalantza "argitu" asmoz, "ohiko galderen" dokumentua eguneratu du Jaurlaritzak. Hemen duzue edukia osorik. Bestela, esteka honetan kontsultatu dezakezue: "erantzunak ohiko galderei"

Zalantzen artean bazen bat, ziurtagiriarekin batera nortasun agiria ere aurkeztu beharko ote den. Eusko Jaurlaritzak baietz dio; ziurtagiriarekin batera derrigorrezkoa dela "NANa edo identifikazio-ziurtagiri ofiziala aurkeztea". Bestetik, erosketak egiteko establezimenduetan ez dute eskatuko, ezta "txoko eta sozietate gastronomikoen kasuan", tabernetako terrazetan, "Elizetan edo gurtza-lekuetan".

Bai ordea ostalataritza guneetan, barruan, terrazetan ez. Ziurtagiria aurkeztea beharrezkoa izango da iragarria zuten moduan, kultur nahiz kirol ekitaldiak ospatzen diren instalakuntza itxietan, "zentro zibiko edo liburutegietan", eskola-kirolean taldean eta espazio itxietan entrenatzeko 12 urtetik gorakoen artean. Gune guztiotako erabiltzaileei eskatuko zaie, langileei ez.

Ziurtagiria eskatu eta erakusteko "betebeharrari" buruz Eusko Jaurlaritzaren dokumentu honek dioenez, "establezimenduaren titularrek, hasteko, ziurtagiria aurkezten ez duen pertsonari lokalean sartzea galarazi beharko diote; erabiltzaileek sartzeko debekua betetzen ez badu, jabeak Udaltzaingora/Ertzaintzara deitu ahalko du". Eta adi, gune itxietara sartzerakoan soilik ez, barruan gaudela ere eskatu ahalko dute ziurtagiria; "Udaltzaingoak edo Ertzaintzak ikuskapenak egin ahalko ditu establezimendu horietara, agindu hori betetzen ari dela egiaztatzeko".

Arauok ez betetzearen erantzulea "establezimenduaren, ekitaldiaren, jardueraren edo lekuaren titularra izango da", "salbu eta, erakusteko eskatu ondoren, eta pertsonak eskaerari kasurik egin ez diolako, arduradunak bertaratzeko eskatu ondoren bertaratutako agintaritzako agenteek identifikatzen dutenean".

Ziurtagiri faltsua edo "eduki faltsuduna" aurkezten duenari, "osasun publikoaren aurkako delitua edota agiri-faltsutasunagatiko delitua" egotziko zaio.

EBKO COVID ZIURTAGIRI DIGITALARI BURUZ
Zer da EBko COVID Ziurtagiri Digitala?

EBko COVID Ziurtagiri Digitala QR irakurketa duen dokumentu bat da, Europar Batasunaren barruan herritarren zirkulazio segurua errazten duena COVID-19aren pandemiaren garaian.

Dokumentu hori Europar Batasunaren barruan bidaiatzea errazteko ezarri zen. Ziurtagiri hori duen bidaiariari kontrolak arinduko zaizkio, eta ez duenari, berriz, herrialde bakoitzeko agintariek ezarritako bestelako kontrolak egingo zaizkio eta dagokion informazioa aurkeztu beharko du.

Gainera, abenduaren 4az geroztik, gaitu egin da Euskadi COVID Ziurtagiri Digitala eskatzeko, nahitaezkoa izan dadin gaueko aisiako establezimenduetan eta jatetxeetan sartzeko.

Zer ziurtagiri-mota daude?
Hiru ziurtagiri-mota daude, eta hiru pertsona-motari zuzenduta daude:

  1. Txertaketa-ziurtagiria
    Dosi 1 edo 2rekin txertatutako pertsonei
    Oharra: atzerrian dosi bakarrarekin edo bi dosirekin txertatuak beren osasun- zentroan erregistratu beharko dira aurretik, txertatuta daudela ziurtatzen duen agiriarekin.
  2. Errekuperazio-ziurtagiria
    Gaixotasuna pasatu dutenak 11-180 egunetako tartean PCR positiboa izan ondoren.
  3. Probanegatiboarenziurtagiria
    Diagnostiko-proba negatiboa dutenak 48 ordu lehenago antigeno-proban eta 72 ordu lehenago PCR proban.

ZIURTAGIRIA LORTZEKO
Nola lortu ziurtagiria?
EBko COVID Ziurtagiri Digitala bi modutara lor daiteke, modu digitalean edo presentzialean. Informazio zehatza esteka honetan: https://www.euskadi.eus/certificado-covid-digital- ue/web01-a3korona/es/

Zer iraunaldi dute ziurtagiri horiek?

  • -  Txertaketa-ziurtagiria: Urte bat, azken dosiaren datatik hasita
  • -  Errekuperazio-ziurtagiria: 6 hilabete
  • -  Diagnostiko-proba negatiboaren ziurtagiria:
  • -  Antigeno-probarekin (TAR): 48 ordu
  • -  PCR probarekin: 72 ordu

Txertoa kontraindikatuta daukat; beraz, ezin dut Covid-aren txertaketa-ziurtagiria eskuratu. Nola sar naiteke lokal horietan?
Bi aukera daude establezimendu horietan dokumentazioa aurkezteko:
-Covid-19aren proba negatiboaren ziurtagiria: PCR bat edo antigenoen testa egin duzuela eta emaitza negatiboa izan dela egiaztatzen duen agiria da. Hartan, proba zer egunetan eta ordutan egin duzun, proba zer zentrotan egin duzun eta emaitza agertuko dira.
-Errekuperazio-ziurtagiria: ziurtagiri horrek Covid-a pasatu duzula egiaztatzen du. Hartan, Covid-en emaitza positiboa zer egunetan izan zenuen ageri da, kontuan hartuta orduan zeundela kutsatuta, bai eta birusa gainditu duzula egiaztatzen duen ziurtagiriaren igorlea eta datak ere.

EBko COVID Ziurtagiri Digitalaren eskakizuna EAEn
Non exijituko da Covid Ziurtagiria Euskadin?
Osasuneko Sailburuaren azaroaren 17ko Aginduaren eta Lehendakariaren abenduaren 14ko Dekretuaren arabera, Covid Ziurtagiri Digitala honako kasu hauetan exiji daiteke:
1)  Publikoari aisia- eta dantza-jarduerak eskaintzeko establezimenduetan, besteak beste, kontzertu-areto, erabilera anitzeko areto, diskoteka, dantza-areto, ikuskizunak ematen dituzten jai-areto, musika-taberna, karaoke eta otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren arabera III. eta IV. taldeetan sartzen diren guztietan
2)  Ostalaritza-establezimendu eta jatetxeetan, oturuntza-aretoak barne, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
3)  Kiroldegi, gimnasio eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiteko bestelako barne-espazioetan, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
4)  Kirol-instalazio itxietan, hala nola estadio, frontoi eta antzekoetan, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
5)Eta ospitale eta zentro soziosanitarioetan, bai eta espetxeetan ere: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.
*Lehendakariaren Dekretuan ageri diren espazioetan, EAEn intzidentzia-tasa metatua 14 egunean 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo gehiagokoa den bitartean, aipatutako establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetan sartzeko eta barruan egoteko, establezimenduko arduradunek kontrolatu beharko dute erabiltzaileak Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) duela, paperean edo euskarri digitalean.
*Eskakizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoak sailkapenaren arabera sarbidea mugatuta ez duten establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetan sartzeko. Bestalde, ez zaie exijituko lokal horietako langileei, lokal horietara lan egitera sartzen direnean.

Nork exijitu beharko du ziurtagiria?
Establezimenduetako titularrak, bai zuzenean bai bere enplegatuen bidez. Agintaritzako agenteek ere exijitu ahalko dute.

Nola eta noiz erakutsi behar da ziurtagiria?
Establezimendura sartzean zein barruan gauden edozein unetan, baldin eta establezimenduko titularrek, haien enplegatuek edo agintaritzako agenteek (Ertzaintza edo Udaltzaingoa) eskatzen badute.

Nola aurkezten dute herritarrek?
Zenbait aukera daude: PDF formatuko dokumentu digitala, terminal mugikor batean edo beste gailu batean kokatutako QR kode batekin, edo paperean, beharrezkoa izanez gero.

Beharrezkoa da NANa edo identifikazio-ziurtagiri ofiziala aurkeztea Covid ziurtagiriarekin batera?
Bai

Eusko Jaurlaritzak emango du Ziurtagiri Digitalaren QR kodea irakurtzeko aplikazioren bat?
Ez. Zenbait aplikazio daude martxan Europako zenbait herrialdetan eta haiek baliagarriak izan litezke. Aplikazio horiek une oro bete beharko dute Estatuan eta Europan datuak babesteko arloan dagoen legeria.

Dekretuaren arabera, Covid ziurtagiria exijitu beharko da ostalaritzan. Baita terraza edo ostalaritzako espazio irekietan ere?
Ez; izan ere, eskakizuna leku itxietara mugatzen da.

Abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuak ezartzen du nahitaezkoa dela Covid ziurtagiria eskatzea ostalaritzako establezimenduetan, haietan lan egiten dutenen kasuan izan ezik. Establezimendu horietako hornitzaileek ziurtagiria aurkeztu behar dute edo langiletzat jotzen dira?
Ez, ostalaritzako establezimendu batera beren lana betetzera doazen hornitzaileek ez dute Covid ziurtagiria aurkeztu behar izango lan egiteko.

Negozio konbinatuen kasuan –esaterako, okindegi-kafetegiak–, Covid ziurtagiria eskatu behar da?
Covid ziurtagiria exijituko da establezimenduan kontsumituko bada, ez produkturen bat erosteko edo eramateko jatekoa edo edatekoa erosteko kasuan.

Covid ziurtagiria eskatu beharko da merkataritza-zentroetan?
Egungo araudiak ez du halakorik aurreikusten.

Ostalaritza-gune komunak dituzten merkataritza-zentroetan, nork eskatu behar du Covid ziurtagiria?
Ziurtagiria kontsumitzeko aukera ematen duen establezimendu bakoitzak eskatuko du, dastatzeko guneak komunak izan ala ez. Ostalaritzako establezimenduak eskatuko du, gainerako ostalaritzako lokalen baldintza beretan.

Txoko eta sozietate gastronomikoen kasuan eta laneko jantokien kasuan, Covid ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa izango da?
Dekretuak ez du halakorik aurreikusten eta, beraz, ezin da exijitu.

Joko-lokaletan ere Covid ziurtagiria eskatu behar da (besteak beste, kasinoak, bingoak eta joko-aretoak)?
Bai.

Zinema, museo edo antzokietan ere exijitu behar da?
Bai. Dekretuak dakarrenez, honako hauetan exijitu beharko da: kontzertu-areto eta erabilera anitzeko aretoetan edo gaitutako espazio itxietan, kontzertuak, musika- jaialdiak eta beste kultura- eta arte-ekitaldi batzuk egiten direnean. Zinemak, antzokiak eta museoak kultura-gertakarien leku izaten diren espazio itxiak dira. Horrenbestez, espazio horietan bai exijitu beharko da. Sareko antzokiak ere sartzen dira, hala nola bertso-saio bat, kontzertu bat edo ume edo helduentzako antzezlan bat.

Nahitaezkoa izango da Covid ziurtagiria elizetan edo gurtza-lekuetan?
Ez da nahitaezkoa izango elizetan eta gurtza-lekuetan erlijiozko jardukizunean daudenean. Leku itxi horietan araudian ezartzen den jardueraren bat egiten bada, orduan bai.

Covid ziurtagiria beharko da zentro zibiko edo liburutegietan?
Bai, kulturale espazioak diren heinean. Ez zaie eskatu beharko liburutegietara liburua hartzera joaten direnei, ezta liburutegia bera lan-eremutzat dutenei ere (adibidez, ikertzaileak).

Covid ziurtagiria beharko da lanbide-ekitaldietan edo ekitaldien entseguetan?
Jendearentzat zabalik dagoen jarduera bada soilik. Ez da beharrezkoa izango hura prestatzeko, esaterako entseguetarako; izan ere, une horretan aretoan langileak baino ez daudela ulertzen da.

Beharrezkoa izango da Covid ziurtagiria musika-ekimen, kontzertu, musika-jaialdi eta beste kultura- eta arte-gertakari EZ profesionaletarako?
Bai, betiere kontzertu-aretoetan eta erabilera anitzeko aretoetan edo gaitutako beste espazio itxi batzuetan egiten badira.

Kirol-klubek edo beste izaera bateko klubek ekitaldi bat antolatzen badute eta hartan gazteentzako dantza egotea edo galak egitea aurreikusten bada, espazio itxietan eta 300 pertsona arte bertaratuko badira, Covid ziurtagiria exijitu beharko da?
Bai, lokal horien sarreran Covid ziurtagiria aurkezteko exijitu behar da, eta, pedagogia eta erantzukizun sozialagatik, egoera epidemiologikoa eta osasun-egoera kontuan hartuta, mota horretako ekitaldiak atzeratu edo bertan behera utzi beharko lirateke.

Dekretuak dakarrenaren arabera, Covid ziurtagiria exijitu beharko da kirol- instalazio itxietan. Baita udal-kiroldegietan ere?
Bai, zabalik ez dauden guneetan bai.

Eskola-kirolean taldearekin entrenatzeko, Covid ziurtagiria behar da?
Entrenamendua 12 urtetik gorakoek egiten badute eta espazio itxian bada, bai.

Ziurtagiri digitala - araua betetzea

Behin eta berriro eskatuta ere, erabiltzaileak ez du ziurtagiria aurkeztu. Establezimenduko titularrak edo ekitaldiaren antolatzaileak Udaltzaingora/Ertzaintzara deitu behar du?
Establezimenduaren titularrek, hasteko, ziurtagiria aurkezten ez duen pertsonari lokalean sartzea galarazi beharko diote; erabiltzaileak sartzeko debekua betetzen ez badu, jabeak Udaltzaingora/Ertzaintzara deitu ahalko du.

Udaltzaingoak/Ertzaintzak ikuskapenak egingo ditu establezimendu edo ekitaldi horietara, agindua betetzen ari den jakiteko?
Udaltzaingoak edo Ertzaintzak ikuskapenak egin ahalko ditu establezimendu horietara, agindu hori betetzen ari dela egiaztatzeko.

Zer zehapen aurreikusten da araudia ez betetzeagatik? Nor zehatuko da?
Honako hauetan ezarritakoak: martxoaren 29ko 2/2021 Legearen (COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzkoa) VII. kapitulua; Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorraren (urriaren 4ko 33/2011 Legea) VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen (ekainaren 26ko 8/1997 Legea) 35. artikulutik 39. artikulura bitartekoak, bai eta COVID-19aren Pandemia Kudeatzeko Neurriei buruzko Legearen (ekainaren 24ko 2/2021 Legea) VI. titulua ere. Establezimenduaren, ekitaldiaren, jardueraren edo lekuaren titularra izango da erantzulea, salbu eta, erakusteko eskatu ondoren, eta pertsonak eskaerari kasurik egin ez diolako, arduradunak bertaratzeko eskatu ondoren bertaratutako agintaritzako agenteek identifikatzen dutenean.

Pertsona batek ziurtagiri faltsua edo eduki faltsuduna aurkeztu badu, zer isun jarriko zaio?
Pertsona hori osasun publikoaren aurkako delitua eta/edo agiri-faltsutasunagatiko delitua egiten ariko da. Honako hauetan ezarritakoari jarraikiz: martxoaren 29ko 2/2021 Legearen (COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzkoa) VII. kapitulua; Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorraren (urriaren 4ko 33/2011 Legea) VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen (ekainaren 26ko 8/1997 Legea) 35. artikulutik 39. artikulura bitartekoak, bai eta COVID-19aren Pandemia Kudeatzeko Neurriei buruzko Legearen (ekainaren 24ko 2/2021 Legea) VI. titulua ere, edo, hala badagokio, Zigor Kodeko XVIII. tituluko agiri-faltsutasunagatiko delitua betetzeagatik ezarritakoak.

MASKARA ERABILTZEARI BURUZ
Noiz da derrigorrezkoa maskara erabiltzea?

Maskara nahitaez erabili beharko dute sei urtetik gorako pertsonek erabilera publikoko edozein espazio itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein espaziotan.
Aire zabaleko espazioetan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, baldin eta pertsonen artean betiere 1,5 metroko gutxieneko distantzia mantentzea ezinezkoa bada, bizikideen taldeen kasuan izan ezik. Ondorioz, maskara nahitaez erabili behar da jendetza biltzen den hiri-eremu guztietan. Maskara erabiltzea salbuetsita dago naturaguneetan, baldin eta bizikide ez diren beste pertsona batzuekin pilaketarik edo elkartzerik gertatzen ez bada. Era berean, aplikatzekoak izango dira maskarak ez erabiltzeko arrazoiak eta kasuak, betiere 13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan legez aurreikusitako eran. Kasu horietan, norbaiti eskatzen zaionean egiaztatu dezala maskara erabiltzetik salbuetsita dagoela, desgaitasun- edo mendekotasun-maila adierazten duen agiri baten bidez dokumentatu beharko du egoera hori, edo, bestela, horretarako egindako mediku-ziurtagiri baten bidez.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea?
Bai. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, janariak edo edariak hartzeko unean soilik salbuesten da maskara erabiltzeko betebeharra. Bestela, uneoro erabili behar da, bai barnealdeetan, bai terrazetan.
Lehen esan bezala, maskararen derrigorrezko erabilera honako leku hauetan aplikatzen den neurri bat da: joko-establezimenduak, txokoak eta elkarte gastronomikoak, lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak, eta diskotekak eta gaueko aisia-establezimenduak.

Ken dezaket maskara kirola egiten ari naizen bitartean?
Edozein kirol-jarduera egiten denean, kasu hauetan salbuesten da maskararen erabilera: naturaguneetan, hiri-ingurune periferikoetan (oinezkoen elkartzerik gabe), igerilekuetan (igeri egitean), taldeen arteko kirol-lehiaketetan (entrenamenduak barne) eta kanpoaldeko intentsitate handiko jarduera fisikoetan (aparteko uneetan). Gainerako kirol-jardueretan (makina-aretoak, jarduera programatuak, ikastaroak eta abar) derrigorrezkoa da maskara erabiltzea jarduerak esparru itxietan egiten direnean (kiroldegiak edo gimnasioak).

Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea garraioa erabiltzen denean?
Derrigorrezkoa eta ezinbestekoa da 6 urtetik gorakoek maskara erabiltzea bidaiarientzako edozein garraiobide erabiltzen denean, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, salbuespen legalen kasuan izan ezik. Ez da derrigorrezkoa izango garraio pribatuan maskara erabiltzea bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraioko profesionalak jantzita eraman beharko du maskara zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta bere lan-espazioa ez badago bidaiari-leku propio edo babes-manpara batez banatuta publikoarengandik.

ERANTZUKIZUN SANITARIOKO NEURRIEI BURUZ
Zer prebentzio-jarrera izan behar dut?

Maskara erabiltzeaz gain, barnealdeak etengabe aireztatu behar dira, eta pertsonen arteko distantzia mantendu eta eskuak garbitu. Jende-pilaketak saihestu behar dira, eta txertaketan parte hartu, kontaktuen jarraipenean lagundu eta berrogeialdiak eta isolamenduak bete.

Behartuta nago kontaktuen jarraipenean eta kutsatzeen trazabilitatean laguntzera?
Bai. Kutsatutako pertsonak eta haiekin kontaktua izan dutenak behartuta daude Euskadiko COVID-19aren kasuei eta kontaktuei buruzko zaintza-sarea arakatzen eta haren trazabilitatea egiten laguntzera. Hori dela eta, herritarrei eskatzen zaie zorroztasun handiz erantzun diezaietela jarraipenaren arduradunek zuzentzen dizkieten deiei, eta eskatutako informazio guztia eman dezatela, ahalik eta azkarren eta egiazkotasun handienarekin. Pertsona guztiek bete beharko dituzte osasun-arloko agintarien edo zerbitzuen jarraibideak, baita Osasun Sailarenak ere, indarrean dauden protokoloen arabera.

Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/nola-jokatzen-dut/web01-a2korona/eu/

EKITALDIEN ANTOLAMENDUA
Noiz utzi behar du bertan behera udal-erakunde batek ekitaldi edo jarduera bat bere herrian?

2021eko azaroaren 16ko Aginduak, Osasuneko sailburuarenak, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzioari buruzkoak, COVID-19 kutsatzeetan 14 eguneko tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan, hartu beharreko neurrien bigarren atalean ezartzen du ‒beste administrazio publiko batzuen eskumenak eta haiek eskumen horiek baliatzean hartzen dituzten neurriak behar bezala errespetatuz udalerriak 100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiagoko intzidentzia duen bitartean‒ jarduera guztiak bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratu ahal izatea, horien esparrua edozein dela ere, baldin eta udal- agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu urriaren 6ko Aginduaren eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurriak beteko direla. Oinarrizko prebentzio-neurriak beteko direla (maskara erabiltzea bereziki) bermatzea oso zaila ikusten den ekitaldiak edo jarduerak hauek dira: janariak edo edariak hartuko direla aurreikusita dutenak.