San Tomas Azokarako prest NOAUA! K.E. Prebentzio neurrien artean ospatuko da hitzordua igande goiz honetan bertan, abenduaren 19an. Musukoa jantzita eraman, postuetan barrena lurrean aurkituko dituzuen geziei segi eta jende pilaketak saihestu.
Ez dira izango pandemia aurreko azokan izaten genituen postu guztiak. Baina herrian ekoitzitako produktuak edota herri eragile hainbatenak aurkituko dituzue. Baita lehian izango den udalerri honetan etxean egiten duten sagardoa eta babarruna ere. Azoka amaieran sarituko dira hiru ekoizle onenak. Horretarako, goizean zehar frontoian bertan epaimahaia lanean ariko da oholtza gainean.
Ez dira banatuko diren sari bakarrak izango. Euskal Herriko 4. Egurrezko Sagardo Lehiaketa eta 2. Sagar Muztio Lehiaketa ere ospatuko dira eta sari banaketa azoka honen amaieran egingo da.
Ipuin kontaketa
Eta osagai gehiago ere izango ditu erremateak; Nafartarrak taldekoek azken asteotan Xiberoko euskara eta ikastolak laguntzeko otarren kanpainari amaiera ere une horretan emango baitio.
Giro eguzkitsua izango dugu lagun, azokarako eguraldi ezinhobea. Adin tarte guztientzako eskaintza, baita txikienentzako ere. Ixabel Agirrerasobek ipuin kontaketa saioa eskainiko die haurrei.
Hau guztia eta gehiago igande goiz eta eguerdi partean zehar Usurbilgo frontoian.
Abenduak 19, igandea
San Tomas Azokan frontoian:
10:30 Euskal Herriko 4. egurrezko sagardoaren lehiaketa/Euskal Herriko 2. sagar muztio lehiaketa.
11:00 Usurbilgo babarrun eta sagardo lehiaketa.
12:00 Ixabel Agirresaroberekin umeentzako ipuin kontaketa.
13:30 Sari banaketa.
Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba.