NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azoka

Giro ederra eta azoka parte hartzailea

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 20a, 10:40

Plazara itzulitako San Tomas Azoka giro ederrean ospatu da igande honetan.

Osasun krisialdian segitzen dugu bai, baina prebentzio neurriak hartuta Usurbilen hain errotuak ditugun ohiturek ezohiko testuinguru honetan ere bere tokia izan dezaketela, horren adibide argia dugu igande honetan frontoian ospaturiko San Tomas Azoka. 

Giro eguzkitsuak lagunduta, belaunaldi ezberdinetako herritarrak (pandemia hasi zenetik antolaturiko hitzorduetan gutxitan ikusten diren hainbat tartean) izan zituen bisitari NOAUA! K.E.-k antolaturiko hitzorduak. Musukoekin, postuetako osteratxoa egin nahiz erosketetan ikusi genituen. Denetariko eskaintza aurkitu zuten, NOAUA! K.E.-ren produktu eta bazkidetza postutik hasita; 2022ko Kilometroak-en aldekoa, Usurbil 1936 elkartearena, datorren urtean ospatuko den 22. Korrikaren materiala salgai jarri zuen Etumeta AEK euskaltegiarena, Xiberoko ikastolak eta euskara laguntzea xede izan duen Nafartarrak taldekoen otarrena... Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak txoko propioa izan zuen.

Ez zen jatekorik falta; Lumagorri oilaskoak erretzen izan zituen Koldo Huegun herritarrak. Gaztaingileen koadrila ezaguna ere plazara itzuli zen. Jon Harreguyk etxean ekoizitako gaztak salgai izan zituen. Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleek ikasturte amaierako bidaiarako laguntza biltzeko sukaldatutako gozogintza produktuak. Eta noski, goizean zehar frontoira joandakoek epaimahai bana ikusiko zenuten NOAUA! K.E.-ren babarrun eta sagardo txapelketetako sariketarako produktu onenak hautatzen. Lehian ziren babarrunak ikusgai jarri genituen eta dastatzeko moduan udalerri honetan etxerako ekoitzi eta lehian zen sagardoa ere.