Igande honetan ospaturiko San Tomas Azoka Nafartarrak kultur taldeak antolaturiko elkartasun kanpainaren amaiera ere izan zen. Xiberoko ikastolen aldeko ekimenaren edizio berria antolatu du udazken honetan. Xiberoan bertan ekoitzitako produktuez hornituriko otarren salmentaren bidez, hango ikastolen aldeko laguntza bildu dute. Aurtengoan 11.000 euro guztira Usurbilen eta inguruko herrietan, herritarrek erakutsitako eskuzabaltasunari esker. Hala berri eman dute, igande honetako azoka amaieran ospatu den ekitaldian.
Xiberoko ikastolen aldeko kanpaina handik bertatik koordinatzen duen Ekaitz Masusta gonbidatu zuen Nafartarrak taldeak Usurbilgo frontoira. "Milesker Usurbilgo jende guztiari", adierazi zien herritarrei. Baita "orohar Euskal Herri osoko jendeari", gaineratu zuen. Euskal Herri osora hedatzen den kanpaina honek marka berri bat hautsi baitu aurtengoan; "2.300 saski saldu ditugu Euskal Herri osoan zehar, sekula baino gehiago. Beraz eskertzekoa da halako emaitza izatea". Eskertzekoa eta ezinbestekoa, Masustaren esanetan, Xiberoko ikastolentzat. Hurrengo urtera arte agurtu zituen usurbildarrak. "Datorren urtean berriz hor egongo gara, milesker zuei!".
Ondoko irudian, Ekaitz Masusta eta Nafartarrak kultur taldeko ordezkari Jexux Agirresarobe.