Haurrentzako jolastokia gaur Hurbilagoren eskutik

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 21a, 07:47

"Gerturatu eta gozatu familia osoarekin batera!", luzatu du gonbita Hurbilago Elkarteak. 

Haur gehienak oporraldia hasi berritan edo murgiltzear direla, arratsalde pasa dibertigarria antolatu du guztientzat astearte honetarako, abenduak 21, 16:00-21:00 artean Usurbilgo frontoian; umeentzako parkea egokituko du. "Hainbat atrakzio eta puzgarri egongo dira adin tarte ezberdinentzat", iragarri dute antolatzaileek. 

Azaroaren 28an ospatu zen Udazkeneko Azokaren batera egokitu behar zuten haurrentzako parkea ere. Baina eguraldia eta osasun krisialdia tarteko, atzeratzea erabaki zuen Hurbilagok. Astearte honetan egingo dute. Gogoan izan, Hurbilagoren dendetan erosketak egitearen truke, parkerako sarrera doan izateko puntuak pilatuak dituzuenok ondo gorde, hilaren 21ean erabili ahalko dituzue eta. 10 punturekin sarrera doan. Bestela sarrera 2 euroren truke parkean bertan erosteko aukera.

Gabonetako zozketa, lasterketa...
"Argiztatu Herria" aldarripean dituzue Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkarteko ordezkaritza bat, Hurbilagok berak etxola argiztatuez apaindutako Usurbilgo biribilgunean. Eskuetan gabonetako zozketa iragartzen duten kartelak. Oparo dator beste behin, aipatu bilgunetik urte amaierarako iragarri duen eskaintza. Zozketari dagokionez, 30 euroko 30 erosketa-bonu zozketatuko dituzte. Zozketan parte hartzea erraza izango da. Hurbilagoko kide diren saltokietan erosketak egitearen truke, nork bere datu pertsonalak idatzi eta bertan uzteko orritxo bat bete baino ez da egin beharko. Hortik aurrerakoak zozketak erabakiko ditu. Saltoki bakoitzak 30 euroko bonu bat zozketatuko du.

Ekimen honez gain, urte bukaerarako hainbat ekimen iragarri ditu Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak. Besteak beste, azaroaren 28an Udazkeneko Azokari lotutako bi deialdi iragarri ditu. Batetik, frontoian ospatu zen hitzordu hartan herriko saltokietan erosketak egin zituztenek eskuratutako 5 euroko bonuak xahutzeko urte amaierara arteko epea izango dutela. Bestea, lerrootan iragarri dizueguna, astearte honetan zabalduko duten haurren parkea.

Lasterketa bueltan
Pandemiagatik iaz izandako etenaldiaren ostean aurten bai, herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka eginez urte hau agurtzeko aukera izango dugu abenduaren 31n; bueltan dator Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa. Lasterkarien artean hainbat opari zozketatuko dituzte antolatzaileek; baita mozorrotu asmo duzuenon artean ere. Mozorro onena sarituko dute. Horretarako ordea, lasterketarako izena eman beharko da, egunean bertan frontoian, edota aurrez Hurbilagoren dendetan.

Astebete lehenago, Olentzero helduko da Usurbila. Etorrerari begirako antolaketa lanean parte hartzen ari da baita Hurbilago Elkartea.



"ARGIZTATU HERRIA"
Asteotan
Gabonetako Zozketa: Hurbilagoren dendetan erosketak egitearen truke, 30 euroko 30 erosketa bonuen zozketan parte hartzeko aukera. Denda bakoitzak bonu bat zozketatuko du bertan erosketak egiten dituztenen artean.

Abenduak 21, asteartea
16:00-21:00
Azaroaren 28ko Udazkeneko Azokan bertan behera utzi zuten haurren jolastokia, Hurbilagoren Gabonetako Parkea frontoian. Sarrera: dendetan eginiko erosketa bidez Udazkeneko Azoka egun hartarako 10 puntuak bilduta izanez gero sarrera doan. Bestela unean bertan sarrera erosteko aukera.

Abenduak 24, ostirala
17:30
Olentzeroren etorrera, beste eragileen artean, Hurbilagoren eskutik. Kalezarko Kaxkotik Dema plazara kalejira. Olentzero eta Mari Domingiri idazteko gutunak eskuratzeko aukera Hurbilagoren dendetan eta postontziak herrian zehar.

Abenduak 31, ostirala
17:00
Hurbilago San Silbestre lasterketa Usurbilgo frontoitik. Izen ematea egunean bertan frontoian 16:00etan hasita edo Hurbilagoren saltokietan. Lasterketa amaieran, sarien zozketa parte hartzaileen artean; mozorro onenari sari berezia.
-Abenduaren 31ra arte xahutu ditzakete 5 euroko bonoak azaroaren 28ko Udazkeneko Azokan herriko saltokien postuetan erosketak egin zituztenek.