Olentzerori gutunak idazteko postontziak udalerrian zehar

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 20a, 11:59

Lau egun barru Kalezartik gure artera helduko den Olentzerori harrera egingo zaio abenduaren 24an. Kalejirarako bolondresak behar dituzte. Ikazkinari gutunak idatzeko postontziak jarri dituzte harreraren antolatzaileek udalerrian zehar. 

Olentzerori gutuna idatzi nahi dionari egun gutxi batzuk baino ez zaizkio geratzen. Ostiral arratsaldean, abenduaren 24an egingo zaio harrera Usurbilen. Arratsaldeko 17:30etan helduko da Kalezarko Kaxkora eta handik kalejiran zeharkatuko du Kaxkoa Dema plazara heldu arte. 

Hitzordu horri begira, gutunak idazteko postontziak jarri ditu ikazkinari harrera egiteko ekitaldia antolatzen ari direnak; Usurbilgo Udalak, hainbat herri eragileek eta norbanakoek. Gune guztiotan utzi ahal izango dira Olentzerorentzako gutunak. Usurbilgo Kaxkoan: Lizardi eta Laurok liburu dendatan, Arruti harategian, Otar Goxon, N.I. ile-apaindegian, Artzabalen eta bihartik Sutegi udal liburutegian. Aginagan Arrate jubilatuen elkarteko tabernaren beheko sarreran. Santuenean bertako Gure Elkartea jubilatu elkartearen tabernan.

Postontzi guztiok ostiral goizera arte, abenduaren 24ra arte egongo dira aipatu toki guztiotan, "harik eta galtzagorriek eraman arte". 

Bolondresak behar
Aipatu moduan, arratsalde horretan egingo zaio harrera Olentzerori. Bidelagunez inguratua egingo du 17:30etan Kalezarko Kaxkoan hasi eta iluntzeko 19:00ak aldera Dema plazan amaituko duen ibilbidea. Aliprox pareko biribilgunera jaitsiko da Kalezartik, gero Errekatxiki eta Puntapax kaleak zeharkatu ostean Mikel Laboa plazara heldu eta frontoi paretik Dema plazara helduko da. "Bil daitekeen jende kopurua tarteko, kalean izan arren, segurtasun neurriak" betetzeko deia egin dute. "Distantzia mantendu, eta ezin denean musukoa janztera".

Hilaren 24ko ekitaldia ospatu ahal izateko laguntza behar du antolakuntzak. "Olentzerori herrira jaisten laguntzeko boluntarioak" behar dituzte. Inor animatuko balitz, asteazkenean, abenduaren 22an 19:00etan Potxoenean egingo den bilerara agertzeko deia egin dute.