Abenduaren 23an

Zapategi eta Kalezarko adinekoen auzunea hizpide, urteko azken udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 21a, 12:23

Bi egitasmo hauei lotutako hirigintza alorreko erabakiak bozkatzekoa da udalbatza ostegun honetarako, abenduak 23, deitua duten osoko bilkuran.

Agurtzear dugu 2021a. Hilero moduan azken ostegunetan izaten da udalbatzarra. Abenduan ordea, astebete aurreratu ohi dute ate joka ditugun jai egunengatik. Datorren osoko bilkura beraz, ostegun honetan bertan izango da, hilaren 23an, arratsaldeko 18:00etan Usurbilgo Udaleko pleno aretoan.

Etorkizuneko bi egitasmo handi hartuko dituzte ahotan; batetik, Zapategi eremua. Dakizuenez bertan kokatzekoak dira Gureak eta Balfer inbertsorea. Udalarekin eta Michelinekin batera, lau eragileon eskutik garatuko dute egun Michelin ondoan den Zapategi eremua. Hirigintza hitzarmena hasieraz onartu zuten iraila amaierako udalbatzarrean. Behin betiko onarpena bozkatuko dute orain, ostegun honetako osoko bilkuran.

Bada saio berean ahotan hartuko duten beste egitasmo handi bat ere; Matia Kalezarren eraikitzen ari den adinekoen auzunea. Lur eremu horri dagokion erabaki bat ere bozkatu asmo dute; "HAASetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuen hirigintza eraikigarritasuna haunditzeko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren (04 aldaketa) hasierako onarpena".

EZOHIKO UDALBATZARRA
Eguna: abenduak 23, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda: 
1-2021/10/28ko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2021eko azaroaren 22tik abenduaren 17ra (2021/988-2021/1058).
3-HAASetako A-78 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala sustatzeko Michelin España y Portugal S.A., Gureak Lanean S.A., Balfer Norte S.L. eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko Hirigintza Hitzarmena behin betiko izaeraz onartzea.
4-HAASetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuen hirigintza eraikigarritasuna haunditzeko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren (04 aldaketa) hasierako onarpena.
5-Galdera eta eskaerak.