Gabonetako Haur Parkea, urte hasieran

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 21a, 08:02

Pandemia aurretik ospaturiko Gabonetako Haur Parkea.

Usurbilgo Udalaren abenduko kultur agendan abenduaren 26tik 28ra ospatuko dela iragarri arren, 2022. urte hasierarako antolatu du Udalak Gabonetako Haur Parkea.

Abendu amaieran ez, 2022. urteko lehenengo astean ospatuko da Gabonetako Haur Parkea Oiardo Kiroldegian. Hilaren 26tik 28ra aurreikusia zegoen arren, astebete atzeratzea erabaki du Udalak ekimena eta honenbestez, urtarrilaren 2tik 5era zabalduko du etxeko txikienentzako jolastoki handia Oiardo Kiroldegian. Urtarrilaren 2an arratsaldez soilik, hilaren 3an eta 4an goiz eta arratsaldez, eta hilaren 5ean goizez soilik, arratsaldean erregeen kabalgata ospatzekoa baita.

Ohi bezala, eskaintza zabala aurkituko dute oporraldi betean izango diren haur eta gaztetxoek primeran pasatzeko, 2-12 urte artekoei zuzenduriko parkean; puzgarriak, tailerrak...

Urtarrilak 2-5, igandetik asteazkenera
11:00-13:00/16:30-19:30
Gabonetako Haur Parkea Oiardo Kiroldegian.
Oharra: urtarrilaren 2an 16:30-19:30 artean zabalik eta urtarrilaren 5ean 11:00-13:00 artean.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.