Koronabirusa

"Egoera jasanezina" salatzeko anbulatorio atarian mobilizatzeko deia gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 22a, 07:36

Lehen arreta zerbitzuak, anbulatorioek bizi duten egoera jasanezina salatu eta berehalako konponbidea exijitzeko protestarako deia egin dute Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT langileen sindikatuek asteazken honetarako, abenduak 22, eguerdiko 13:00ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun-etxeen atarietan. Baita beraz Usurbilgoan ere.

Egoera jasanezina salatzeko eta benetako neurriak berehala hartzea exijitzeko egingo dira abenduaren 22ko elkarretaratzeok anbulatorio atarietan. Eskaeron bueltan; "aurrekontua handitzea EBren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira); aldi baterako milaka langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea. Azken batean, Lehen Mailako Arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita", ELA sindikatutik ohartarazi dutenez.

Bai langile eta herritarrentzat "Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasanezina da" aipatu sindikatuaren esanetan. Arazoa egiturazkoa da, sakonagoa, osasun krisialdi honen aurretik datorrena. Eta orain, "seigarren olatua" deitu diotenari aurre egiteko baliabide, antolaketa eta plangintza eza salatzen du ELA-k. Osakidetzako zerbitzu eta langileria, "nekatua eta baliabiderik gabe dugu". 

Horren adibidetzat hartzen dute udazken honetan zehar bizitako egoera latza. "Kutsatzeen maila altuak eta azken asistentzia-murrizketek (kontsultak etetea, proba diagnostikoak, telefono bidezko arretari eustea, etab.) hori erakusten dute: plantillak %60 inguruko behin-behinekotasun-tasa du; urrian indartze-kontratuak amaitu ziren; arakatzaileen kopurua erdira jaitsi da; LMko erizaintza txertaketa-taldeei aurre egiteko mobilizatzen ari dira txertaketa gune nagusiak kendu ondoren; Profesionalen agendak gainezka daude; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez dira ordezten; herritarrei telefono bidezko arreta emateak, Osasun Sailaren informazio eta koordinazio faltarekin batera, egunero telefono lineak eta Pazientearen Arretarako mostradoreak gainezka uzten ditu; PACen arreta-ordutegiak ixteak edo murrizteak, eta abar luze batek, profesional askoren pazientziarekin amaitu du, eta Osakidetzatik alde egitea erabaki dute askok, beste aukera profesional batzuen bila. Gizartea ere nekatuta dago, izan ere, presentzialtasunik eza ezartzen da, eta horrek bereziki kalte egiten die kolektibo ahulenei eta teknologiarako sarbide txikiagoa dutenei".

Osasun eta zaintza sistema publikoaren alde
"Pandemiarekiko politika publikoak berehala zuzendu beharra dago", gaineratzen du LAB sindikatuak. Neurriok berehala hartzea eskatzen du; batetik, covid19 ziurtagiria bertan behera uztea, konfinatutako seme-alaben langileentzako lan baimena ezartzea, kutsatzeak murrizteko neurri eraginkorrak hartzea (doako PCRak, detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza, CO2 neurgailuak, garraio publikoa hobetzea, lantokietan lan osasuna lehenestea, osasuna zaintzeko neurri prebentiboak elikadura, kirola eta arlo psikosozialari dagokionean...), osasun eta zaintza sistema publikoa indartzea (1. mailako arretan ratioak jaistea, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortzea; covid kasu larriei aurre egiteko baliabideak gehitzea; osasun baliabide pribatuak publifikatzea; zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea), pandemiak langilerian eragindako ondorio ekonomikoei aurre egitea (enplegu eta oinarrizko errenta duinaren defentsa, energiaren merkatzea...).

Bistan denez, ELA-ren esanetan "egoera kezkagarria izan arren, "Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko. Eusko Jaurlaritzak 2022rako aurkeztu berri duen Aurrekontuen Lege Proiektuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena".

Horregatik dio LAB sindikatuak "gobernuen kudeaketa negargarriaren aurrean, langileok aurrera urrats bat emateko unea da. COVID ziurtagiriaren inguruko polarizazio interesatua albo batera utzi eta osasun nahiz zaintza sistema publikoaren alde borroka egiteko unea da". Abenduaren 22ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.