Egun zailak bizitzen ari diren arren, osasun krisialdia eragiten eta mugiarazten ari zaien horri guztiarekiko tartetxo bat hartu eta abestera irten dira gaurkoan. Taldeetako batzuk frontoian eskaini duten emanaldian gogorarazten zuten moduan, "kantatzen ez duenak zorionik ez du" eta. Eta horixe egin dute San Tomas egun honetan.
Neguko oporraldian murgildu aurretik baserritar jantziak soinean, abestera irten. Talde txikietan, bakoitza bere "burbuila" taldearekin. Publikorik gabe, ohi baino ikasle gutxiago osasun krisialdiaren testuinguruan agintariak hartu eta indarrean diren erabakien eraginez hainbat ikasle etxean. Ikasle batzuk etxeko leihotik ikusi eta entzun dituzte ikaskideak abesten.
Artzabalen batu dira ikasle talde batzuk, besteak frontoian, txikienak Mikel Laboa plazan Usurbilgo Udalak jarritako olentzeroaren bueltan.
Ez dute ikasturte honen lehen hiruhilekoaren amaiera errazik izan. Halere herria gogotik girotu dute abestuz goiz partean. Eta orain, merezitako oporraldia dute aurretik.