Gogotik jolastu dira txikienak Hurbilagoren parkean

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 21a, 19:05

Mugimendu bizia izan du Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak astearte arratsalde honetan frontoian antolatu duen haurren parkeak.

Jauzika eta hegan egiteko aukera izan dute. Ezinhobeto datorkie bizi duten garai zail honetan. Egun borobila zalantzarik gabe, neguko oporraldiaren hasiera Usurbilgo gaztetxoentzat. Goizean zehar ikastolako ikasleak kantari irten dira kalez kale herrian barrena. Arratsaldean Hurbilago elkarteak haurren parkea egokitu du frontoi inguruan. Aipatu moduan, salto egiteko puzgarriekin eta hegan egiterainoko jauziak egitea ahalbidetzen zien tramankuluarekin. Arratsalde pasa egiteko aukera ederra eskaini die Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak.

Gogoan izan, izatez azaroaren 28ko Udazkeneko Azokan tokia izan behar zuen haurren parke honek. Giro euritsuak eta osasun krisialdiak ordea ekimena atzeraraztea behartu zituen antolatzaileak. Ordurako egina zuen gonbitari eutsi eta gaur ospatu zabaldu dute parkea. Hurbilagoren dendetan erosketak egitearen truke puntuak eskuratzeko aukera zuten, 10 puntu batuta gaurko jolastokirako sarrera doan.

Adi, haurren parkea ez baita Hurbilagok urte amaiera honi begira antolatu duen ekimen bakarra:


"ARGIZTATU HERRIA"
Asteotan
Gabonetako Zozketa: Hurbilagoren dendetan erosketak egitearen truke, 30 euroko 30 erosketa bonuen zozketan parte hartzeko aukera. Denda bakoitzak bonu bat zozketatuko du bertan erosketak egiten dituztenen artean.

Abenduak 24, ostirala
17:30
Olentzeroren etorrera, beste eragileen artean, Hurbilagoren eskutik. Kalezarko Kaxkotik Dema plazara kalejira. Olentzero eta Mari Domingiri idazteko gutunak eskuratzeko aukera Hurbilagoren dendetan eta postontziak herrian zehar.

Abenduak 31, ostirala
17:00
Hurbilago San Silbestre lasterketa Usurbilgo frontoitik. Izen ematea egunean bertan frontoian 16:00etan hasita edo Hurbilagoren saltokietan. Lasterketa amaieran, sarien zozketa parte hartzaileen artean; mozorro onenari sari berezia.
-Abenduaren 31ra arte xahutu ditzakete 5 euroko bonoak azaroaren 28ko Udazkeneko Azokan herriko saltokien postuetan erosketak egin zituztenek.