Koronabirusa

Osasun zerbitzu duina eskatzeko mobilizatu da herritar talde bat anbulatorioan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 22a, 14:06

Osakidetzako sindikatuek deituta elkarretaratzeak egin dituzte asteazken eguerdi honetan EAE-ko anbulatorio atarietan. Usurbilen ere herritar talde bat osasun zerbitzu duina izatearen alde mobilizatu da.

Eguerdiko 13:00ak aldera anbulatorio atarian jaso ahal izan dugun irudia. Herritar talde bat mobilizatu da osasun-etxearen aurrean, zerbitzu duina jasotzearen alde, aplikatzen ari diren etengabeko murrizketen aurka. Osakidetzan ordezkaritza duten SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek EAE osoko, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa guztiko anbulatorioetan, lehen arreta zerbitzua eskaintzen duten osasun-etxe guztietan mobilizazioak deituak zituzten asteazken honetarako, abenduak 22, aipatu moduan, 13:00ean. Baita Usurbilen ere. Herritar talde batek babestu du protestarako deia. 

"Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasanezina da"
Egoera jasanezina salatzeko eta benetako neurriak berehala hartzea exijitzeko egin dira elkarretaratzeok. Eskaeron bueltan; "aurrekontua handitzea EBren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira); aldi baterako milaka langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea. Azken batean, Lehen Mailako Arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita", ELA sindikatutik ohartarazi dutenez.

Bai langile eta herritarrentzat "Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasanezina da" aipatu sindikatuaren esanetan. Arazoa egiturazkoa da, sakonagoa, osasun krisialdi honen aurretik datorrena. Eta orain, "seigarren olatua" deitu diotenari aurre egiteko baliabide, antolaketa eta plangintza eza salatzen du ELA-k. Osakidetzako zerbitzu eta langileria, "nekatua eta baliabiderik gabe dugu". 

Horren adibidetzat hartzen dute udazken honetan zehar bizitako egoera latza. "Kutsatzeen maila altuak eta azken asistentzia-murrizketek (kontsultak etetea, proba diagnostikoak, telefono bidezko arretari eustea, etab.) hori erakusten dute: plantillak %60 inguruko behin-behinekotasun-tasa du; urrian indartze-kontratuak amaitu ziren; arakatzaileen kopurua erdira jaitsi da; LMko erizaintza txertaketa-taldeei aurre egiteko mobilizatzen ari dira txertaketa gune nagusiak kendu ondoren; Profesionalen agendak gainezka daude; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez dira ordezten; herritarrei telefono bidezko arreta emateak, Osasun Sailaren informazio eta koordinazio faltarekin batera, egunero telefono lineak eta Pazientearen Arretarako mostradoreak gainezka uzten ditu; PACen arreta-ordutegiak ixteak edo murrizteak, eta abar luze batek, profesional askoren pazientziarekin amaitu du, eta Osakidetzatik alde egitea erabaki dute askok, beste aukera profesional batzuen bila. Gizartea ere nekatuta dago, izan ere, presentzialtasunik eza ezartzen da, eta horrek bereziki kalte egiten die kolektibo ahulenei eta teknologiarako sarbide txikiagoa dutenei".

Osasun eta zaintza sistema publikoaren alde
"Pandemiarekiko politika publikoak berehala zuzendu beharra dago", gaineratzen du LAB sindikatuak. Neurriok berehala hartzea eskatzen du; batetik, covid19 ziurtagiria bertan behera uztea, konfinatutako seme-alaben langileentzako lan baimena ezartzea, kutsatzeak murrizteko neurri eraginkorrak hartzea (doako PCRak, detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza, CO2 neurgailuak, garraio publikoa hobetzea, lantokietan lan osasuna lehenestea, osasuna zaintzeko neurri prebentiboak elikadura, kirola eta arlo psikosozialari dagokionean...), osasun eta zaintza sistema publikoa indartzea (1. mailako arretan ratioak jaistea, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortzea; covid kasu larriei aurre egiteko baliabideak gehitzea; osasun baliabide pribatuak publifikatzea; zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea), pandemiak langilerian eragindako ondorio ekonomikoei aurre egitea (enplegu eta oinarrizko errenta duinaren defentsa, energiaren merkatzea...).

Bistan denez, ELA-ren esanetan "egoera kezkagarria izan arren, "Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko. Eusko Jaurlaritzak 2022rako aurkeztu berri duen Aurrekontuen Lege Proiektuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena".

Horregatik dio LAB sindikatuak "gobernuen kudeaketa negargarriaren aurrean, langileok aurrera urrats bat emateko unea da. COVID ziurtagiriaren inguruko polarizazio interesatua albo batera utzi eta osasun nahiz zaintza sistema publikoaren alde borroka egiteko unea da".