Gabonetako kantu ezagunei ahotsa jarri diete. Herri ahots goxoez gozatzeko aukera izan dute asteazken iluntze honetan Salbatore elizara joandakoek. Zumarte Musika Eskolak, kide dituzten abesbatzen gabonetako emanaldia antolatu du. Kantuan agurtu nahi izan dute ezohikoa eta zailtasunez betea joan zaigun urte hau.
BIzi dugun osasun krisialdiaren seinale, urte garai honetarako egoki jantzita agertu dira, eta osagaien artean denek musukoa aurpegian. Zumarte-Txiki abesbatzak, Zumarte Abesbatzak eta Zumarte Gazte Abesbatzak parte hartu dute. Banaka zein batera gabonetako hainbat abesti kantatu dituzte; "Hator, hator" ezagunarekin amaitu dute hitzordua.