Koronabirusa

Musukoaren erabilera kalean ere derrigorrezkoa, ostiraletik aurrera

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 22a, 20:18

Koronabirusaren transmisioa etenik gabe hazten doan honetan, intzidentziaren hazkuntza nabarmen honi aurre egiteko musukoaren kaleko erabilera derrigortzea erabaki du Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako buruzagiekin egin duten bileran. Txertaketa erritmoa azkartu eta lehen arreta zerbitzua, anbulatorietakoa indartzeko asmoa agertu du Madrilek; horretarako, jubilatu direnen edo aurrejubilazioa eman zaien langileak kontratatzea planteatu du. Hedabideen arabera, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago hartzea proposatua zuen arren, azkenean oraingoz ez du aparteko erabakirik hartuko.

Adituak auzitan jartzen ari diren neurri murriztaile gehiago ostiraletik aurrera; musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da ez soilik eremu itxietan orain arte bezala, aurrerantzean baita kalean garenean ere. Hala iragarri du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, autonomia erkidegoetako ordezkari politikoekin egindako bilkuraren ostean, asteazken iluntze honetan egin duen agerraldian.

Neurri hau ostegun honetako Ministroen Kontseiluan onartzekoak dira eta aipatu moduan, ostiralean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun berean, hilaren 24an bertan indarrean jarri asmo dute. Kalean musukoa erabiltzea derrigortuak ez egoteko salbuespenak, garai batekoak izango dira; kirola egiten ari garenean, landa eremuan bagara, bakarrik garenean nahiz familia unitate bereko kideekin.

Covid19 ziurtagiriak iraungitze-data
Ez da egunotarako iragarri den aldaketa bakarra. Azken orduotan ezagutzera eman eta Sanchezek berak berretsi duenez, aurrerantzean covid19-aren aurkako txertoaren bi dosiak hartuak dituztenak, koronabirus kasu baten gertuko kontaktua izanez gero ez da derrigorrezkoa izango "berrogeialdia" egitea.

Koronabirusaren hedapenak, intzidentziaren gorakadak etenik ez duen honetan, egoera honi begira Madrilek proposatu duen neurri nagusia da musukoaren kaleko erabilerarena. Gainerakoan, txertaketa kanpainari ahalik eta bultzada handiena eman nahi dio Espainiako Gobernuak, txertaketa erritmoa azkartu nahi dute. Bi dosiak hartuak dituztenen kasuan, ziurtagiriari iraungitze-data jarri nahi dio gainera Madrilek; 9 hilabetekoa. Tarte hori izango da, bi dosiak hartu dituenak hirugarren "errefortzu" dosia hartzeko.

Eta prebentzioari begira, azken egunotan farmazietatik ahitu diren antigeno test gehiago herritarren eskura jartzeko asmoa agertu du Espainiako Gobernuak. Datorren asterako halako test gehiago eskuragarri izango direla iragarri du.

Jubilatuen kontratazioa
Lehen arreta zerbitzuak bizi duen egoera jasanezina salatu eta berehalako neurriak exijitzeko mobilizazio eguna bizi izan dugu gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tartean Usurbilen. Lehen arreta zerbitzua, anbulatorioetakoa indartzeko giza baliabideak gehitu eta langileon lan baldintzak hobetzeko asmoa agertu du Espainiako Gobernuko presidenteak. Horretarako jubilatuak izan edo aurrejubilazioa eman zaien langileak kontratatzeko aukera planteatu du balizko "konponbide" gisa, Europar Batasunetik kanpo espezializazio tituluak dituztenen langileen kontratazioarekin batera.

Osasun krisialdiaren une honetako egoeraren jarraipena egiteko Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako buruzagiekin biltzen segiko du hamar egunean behin. Pedro Sanchezek gaurko neurri gogorragoak hartzea alboratu du, bere esanetan, txertoagatik ez gaudelako ez 2020ko martxoan edota iazko urte amaieran ginen egoera berean.

Hedabide ezberdinak berri ematen ari direnez, Eusko Jaurlaritzak ez du oraingoz asteotarako neurri murriztaile gehiago indarrean jartzeko asmorik. Nahiz Espainiako Gobernuari 10 neurri hartzea proposatu dion. Musukoaren kaleko erabilera derrigortuarekin batera, jardueren itxiera ordua 1:00ean finkatzea nahi zuen (gabonetako jai egun nagusietan 21:00etan), Usurbilek jada indarrean duen eremu itxietako edukiera %60ra murriztea, kanpoko ekitaldi handietan %50era, ostalaritza guneetan zutik kontsumitzea debekatzea eta mahaikideen kopurua hamarrera murriztea edota hamarrekoak eta bi familia-unitatekoak izatea gehienez, egunotako ospakizunetako bazkari eta afariak.