Usurbilgo memoria historikoa berreskuratzeko beste hiru urterako lankidetza

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 23a, 13:46

Memoria historikoa berreskuratzeko duela urte eta erdi abiarazitako egitasmoa nabarmen finkatzen doala agerian uzten duen albistea honakoa. Sostengua ematen jarraitzeko beste hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak.

Hitzarmen honen testuinguruan, elkarteari lokal bat laga eta ia 100.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak egitasmo honi; 36.000 euro aurten, 30.000 datorren urtean eta beste 30.000 euro 2023an. “Diru kopuru esanguratsua”, Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan. Sarritan obrekin lotu arren, herri inbertsioak haratago doazen adibidea da honakoa udal gobernu taldearen aburuz. Kasu honetan, “etorkizunari begirakoa, garrantzitsua delako aurrez gertatu denaren egia ezagutzeko eta berriro ez gertatzeko bermeak jarri ahal izateko. Lurpean utzi nahi izan duten egia hori azaleratzea dagokigu ahanzturara kondena ez dadin. Hori da ondorengo belaunaldiei egin diezaiekegun aitortza eta omenaldi nagusia”.

Usurbil 1936 elkartea pozik eta eskertua agertu da Udalak abian duten egitasmoari emandako laguntzagatik. Aipatu herri bilgunetik berri eman zutenez, lehen fasearen, informazio bilketarenaren ostean, bigarrenari ekingo diote datorren urtean. Gudalekuak berreskuratzeko auzolanari ekin nahi diote. Horretarako noski belaunaldi zein ogibide anitzetako herritarren laguntza beharko dute. Orain artekoarekin alderatuta “are zabalagoa den bolondres sarea”. Teknikari talde batek gidatuko du prozesua, Usurbil 1936-tik berri eman dutenez. Interesdunek usurbil1936@gmail.com helbidera idatzi dezakete.

Aurrera begirako lan ildoak
Baina ez da aurrera begira Usurbilgo memoria historikoa berreskuratzeko eskuartean duten lan ildo bakarra izango. Memoria guneak berreskuratu nahi dituzte, “fusilatutako pertsonen oroimena berreskuratzeko”. Eta berreskuratze gune horietan ekitaldiak egin asmo dituzte. Ikertzen segi nahi dute baita, datuak eta istorioak biltzen. Eta memoria historikoari lotutako herri errelatoa ere eraiki nahi dute; gerra aurretik herri honek zer nolako testuinguru sozioekonomikoa zuen, gerrak bizimodua nola aldarazi zuen… Jasotakoa eta proiektu honen garapenaren nondik norakoak, egindako lanketa datorren urtean martxan jarri nahi duten webgune batean zintzilikatuko dute. Usurbilgo memoria historikoaren erakusleihoa izango da.

Lankidetza hitzarmen hau amaitzerako, egindako lan guztia islatu eta ahalik eta “interaktibo eta didaktikoena” izango den erakusketa batean bildu nahi luke Usurbil 1936 elkarteak. Argitalpen batean ere bai.