Egurrezko etxola eder askoak jarriak daude udalerriko hainbat establezimenduetan. Olentzero badator eta eskarien zerrenda idazteko garaia da. Azken txanpa zehazkiago esanda. Gutuna idatzi eta hauek jasotzeko postontziak jarri dituzte, Usurbilgo Kaxkoan: Lizardi eta Laurok liburu dendatan, Arruti harategian, Otar Goxon, N.I. ile-apaindegian, Artzabalen eta bihartik Sutegi udal liburutegian. Aginagan Arrate jubilatuen elkarteko tabernaren beheko sarreran. Santuenean bertako Gure Elkartea jubilatu elkartearen tabernan.
Adi postontzi hauei guztiei. Ostiral goizean kenduko dituzte. Beraz, gutunak idatzi eta bilketarako azken orduak dira honako hauek.
Gogoan izan, Olentzero ostegun honetan Aginagan izango da eta bihar, abenduak 24, Kalezarko kaxkotik barrena Usurbilera jaitsiko da. Aliprox pareko biribilgunera jaitsiko da Kalezartik, gero Errekatxiki eta Puntapax kaleak zeharkatu ostean Mikel Laboa plazara heldu eta frontoi paretik Dema plazara helduko da. "Bil daitekeen jende kopurua tarteko, kalean izan arren, segurtasun neurriak" betetzeko deia egin dute. "Distantzia mantendu, eta ezin denean musukoa janztera".