Koronabirusa

Musukoa kalean ere erabiltzea derrigortzen duen dekretua indarrean

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 24a, 08:24

Espainiako Gobernuak ostegun honetako Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu eta ostiral honetan bertan indarrean jarri duen dekretuak musukoa kalean ere erabiltzera derrigortzen gaitu.

Gaurtik (abenduak 24) beraz, eremu itxietan soilik ez, irekietan ere musukoa jantzita izatea derrigortzen duen dekretua indarrean jarri du Espainiako Gobernuak, besteak beste, Hego Euskal Herri osoan. Osasun edota bateraezintasun arrazoiak daudenean, banakako kirol jarduerak egiten direnean metro eta erdiko segurtasun tartea bermatzen bada, landa eremuan (mendian, hondartzan...), kasuotan musukoa janztea ez dela derrigorrezkoa izango ohartarazten du Espainiako Gobernuak.

Musukoaren erabilera eremu gehienetara zabaltzeko erabakia osasun krisialdiak egun bizi duen egoeragatik dela argudiatzen du Espainiako Gobernuak, ostegun arratsaldean Estatuko Aldizkari Ofizialean kaleratu zuen dekretuak dioenez. Txertoa mugarri garrantzitsutzat jotzen du Madrilek pandemiaren bilakaeran. Kutsatze kasu larriak eta heriotzak nabarmenki murriztu dituela gogorarazi du. Halere, azken asteotan koronabirus kasuen gorakada izugarriak pixkanaka ospitaleetan nabaritzen ari direla ohartarazten du. Eta datozen asteotan gainera, antzeko kutsatze bideetatik hedatu ohi diren urte garai honetako infekzioak batuko zaizkiela aurreikusten dute, gripea esaterako. "Egoera honek osasun sistemaren gaitasuna muturreko egoeran jartzen du, bereziki lehen arreta zerbitzua". Eta horrek covid19 kasu berrien detektatze eta jarraipen lana zailtzen du. Horregatik ezinbestekotzat jotzen du Espainiako Gobernuak txertatze kanpaina bizkortzea eta musukaoren erabilera gune gehienetara zabaltzea, beti ere metro eta erdiko segurtasun tartea bermatu ezin den kasuetan.

Dekretuak gainera, Espainiako Gobernuak asteazkenean aurreratu moduan, Europar Batasunetik kanpo espezializazio tituluak dituzten profesionalen kontratazioa baimentzen du. Baita jubilatu edo aurrejubilazioa eman dieten osasun langileena ere, covid19ari lotutako artatze lanetan aritzeko.

Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiagorik ez
Musukoaren erabilera zabaltzeko proposamena, Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako lehendakariekin asteazkenean eginiko bileran proposatu zuten. Tartean, Eusko Jaurlaritzak. Neurri honez gain, Gasteizek oraingoz ez du bestelako neurri murriztailerik aplikatzeko asmorik nahiz bilera hartara hamar proposamen eraman zituen Urkullu lehendakariak. Musukoaren kaleko erabilera derrigortuarekin batera, jardueren itxiera ordua 1:00ean finkatzea nahi zuen (gabonetako jai egun nagusietan 21:00etan), Usurbilek jada indarrean duen eremu itxietako edukiera %60ra murriztea, kanpoko ekitaldi handietan %50era, ostalaritza guneetan zutik kontsumitzea debekatzea eta mahaikideen kopurua hamarrera murriztea edota hamarrekoak eta bi familia-unitatekoak izatea gehienez, egunotako ospakizunetako bazkari eta afariak.